Hiru lagunentzako egoitzea Bilbon, Frantzian eta Kanadan

Bizkaie! 2025-05-12 09:28   Kulturea

Hautatutako personek tailer bat izango dabe uri bakotxean 2026ko urtarrila eta apirila bitartean.

2025eko irailaren 14ra arte, Bilboko Azkuna Zentroko Mediateka Galerian Running on empty. Comics as visual poetry, Marta Cartu, Pauline Lecerf eta Cole Degenstein artisten sormen prozesua ardatz dituan erakusketea ikusi ahal izango da.

Azkuna Zentroa, La Cité internationale de la Bande Dessinée et de L 'image d' Angoulême eta Quebeceko Maison de la Litquek Komikiaren Nazinoarteko Egoitzearen bosgarren edizinoa edegi dabe. Erakunde bakotxak komikigile bat aukeratuko dau Angoulême, Bilbo eta Quebecen egingo dan proiektu honetan parte hartzeko.

Nazinoarteko programa honek hiru persona hautatuko ditu – bat Espainian bizi dana, beste bat Frantzian eta beste bat Kanadan – 2026ko urtarrilaren amaieratik apirilaren amaierara bitartean sormen-proiektu bat lantzeko. Artista bakotxak ondoz ondoko egonaldia izango dau hiru urietan: Angoulême, Bilbo eta Quebec. Azkuna Zentroaren deialdia bagilaren 8an zarratuko da.

Egoitzearen barruan, artista bakotxak bere sorkuntza proiektua landu eta erakunde bakotxak harrera programea atonduko dau, besteak beste, lantegiak, bilerak, alkarrizketak eta bestelako jarduerak. Horrezaz gan, konpartidutako lanerako tailer bat izango dabe uri bakotxean eta, bidaia eta ostatuagaz batera, 4.500 euroko diru-kopurua jasoko dabe egoitzen iraupena estaltzeko.

Hiru egonaldiek jardunaldi berezia be izango ditue hartu-emon profesionalak landu, jardueretan parte hartu eta jenteagaz topaketak egiteko Komikiaren Nazinoarteko Jaialdia Anguleman, Gutun Zuria. Letren Nazinoarteko Jaialdia Bilbon eta Québec BD Jaialdia Quebecen.

Hautagaiek Maison des auteurs, Azkuna Zentroa edo Maison de la littérature zentrora bialdu behar dabe eskaerea, bizi diran herrialdearen arabera. Erakunde bakotxak hiru proiektu aurrez hautatuko ditu aurkeztutakoen artean. Azken aukeraketea hiru erakundeek egingo dabe eta hiru irabazleak aukeratuko ditue batera.

Hiru helmuga dituan egoitza bakarra

Nazinoarteko alkarbanatutako egonaldi honek bide emoten dau hainbat herrialdetako personak alkartzeko nobela grafikoaren oinarrizko ingurune profesionaletan. Esperientzia honen helburua komikiaren arloan sorkuntzea sustatu eta herrialde askotako personak batzea da, eleberri grafikoan oinarrizko ingurune profesionaletan, beste diziplina artistiko garaikide batzuetako artistakaz konektetako.

Formatu horrek aukerea emoten deutse sortzaileei alkar aberasteko parte hartzen daben urietako kultura-inguruneak esploretan. Bestalde, esperientziak eta ideak trukatuz, hareen sormena hauspotzen da eragin eta ikuspegi artistiko ugari tarteko dirala.

Azkuna Zentroan, Mediateka BBKren barruan dago egoitzea. Komikia da espazio honetako bildumako ardatz egituratzaileetako bat. Zentroko hainbat publiko komunidadek gehien konsultetan daben ataletako bat da. Komikitekeak, bigarren pisuan genero horri eskainitako guneak, 6.000 liburu baino gehiago ditu, podcast bidezko programazino be bai eta urtean 40.000 lagunetik gorako audientzia.

Orain arte, egoitza honetan Higinia Garay, Marine Des Mazery eta Jimmy Beaulieu (2022); Andrea Ganuza, Charlotte Gosselin eta Clara Chotil (2023); Fran Mengual, Lisa Blumen eta Pascale Sévigny-Vallières (2024); eta Marta Cartu, Pauline Lecerf eta Cole Degenstein (2025) artistek parte hartu dabe.

Horrezaz gan, 2025eko irailaren 14ra arte, Azkuna Zentroko Mediateka Galeriak Running on empty. Comics as visual poetry, 2024an bizi ziran Marta Cartu, Pauline Lecerf eta Cole Degenstein artisten sormen prozesua erakusten dauen erakusketea ikusi daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu