Abellanedan ibilbide zirkularra atondu dabe
2025-05-09 12:27 KultureaMuseoen Nazinoarteko Egunaren barruan.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundaren esku dagoan Enkarterrietako Museoak oinezko ibilbide zirkularra atondu dau datorren martitzenerako. Halanda ze, maiatzaren 13an, Enkarterriko Batzarretxeak eta paisajea-balio handiko Abellanedako monumentu moltsoaren ingurumen arloko ondarea, historia eta naturea, ezagutzera emongo ditue. Jarduera horregaz, Enkarterriko Museoak bat egingo dau maiatzaren 18an ospatzen dan Museoen Nazinoarteko Egunagaz.
Abellaneda-Bezi-Abellaneda ibilbidearen hirugarren edizinoa Enkarterrietako Museotik hasiko da. Abellaneda auzoan dagoz antxinako San Bartolome eleizea eta Urrutiako Torrea, biak XVI. mendekoak. Ondoren, taldea mendian sartuko da, antxinako bideak jarraituz, Bezi auzora heldu arte eta berau osotzen daben XV. eta XVIII. mendeetako baserriak dituen hainbat herrixkatako (Duredo, La Llana, Cañedo...) landa-ondarea ikusiko dabe.
Mendi tontorretik hur, Crónicas a pie de fosa kolektiboko kide eta Aranzadiren laguntzailea dan Jesus Pablo Dominguez Triskel etnografoa batuko jake. Berton, Gerra Zibileko jazoerak kontauko ditu. Handik gitxira, Bezi auzoan, 1958an eregitako estilo funtzinonalistako San Kosme eta San Damian eleiza harrigarria bisitauko dau taldeak. Ondoren, oinez jarraituko dabe barriro Museora heldu arte.
Orain dala 40 urte baino gehiago, urtero maiatzaren 18an atontzen da Museoen Nazinoarteko Eguna. Helburuak ondoko honeek dira: kultura-trukea, kulturak aberastea, herrien arteko hartu-emonak ulertzea eta lankidetzea eta bakea indartzea dira.
Zehetasunak
- Eguna: maiatzak 13.
- Ordua: 9:45.
- Lekua: Enkarterrietako Museoa (Abellaneda auzoa, z/g), Sopuerta.
- Distantzia: 10 kilometro.
- Ibilbidearen gitxi gorabeherako iraupena: 3 ordu.
- Zailtasuna: ertaina.
- Ezinbestekoa da erropa eta oinetako egokiak eroatea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!