'Max Ernst. Paris, 1922-1928' Bilbon
2025-05-09 07:40 Kulturea2025eko irailaren 30era arte zabalik.

Oraintsu, Arte Ederretako Museoak Max Ernsten (Brühl, Alemania, 1891-Paris, 1976) 54 lanez osotutako multzo bikaina jaso dau komodatuan. 1957ko frottage bat kendura, danak 1922. eta 1928. urteen artean egin zituan. Esperimentazinoko aldia izan zan, dadaismotik abiatuta, Ernstek surrealismora eboluzionau baitzeban, haren oinarrizko figura bihurtuz. Hain zuzen be, testuinguru horretan egin zitun alemaniar artisteak XX. mendeko artearen garapenerako ezinbestekotzat joten diran barrikuntza teoriko, tekniko eta sortzaileak. Zezeilaren 13an aurkeztutako erakusketearen lehen emonaldiari (18-20. aretoak) beste bat gehitu behar jako orain (17. aretoa) Histoire naturelle (1926) ospetsua kokatzekon. Papel-zorro bat da, 34 fototipok osotutakoa (beirazko plaka tindaututako baten gainean gelatinazko erliebera transferidutako klixe fotografiko baten inprimaketea) eta Jean Arp eskultore frantsesaren testu baten hitzaurrea dabe. Arp, hamar urte lehenago, 1916an, dadaismoaren sortzaileetako bat izan zan Zurichen. Gordailu bikain honetako lan guztiak artistearen lanen bilduma garrantzitsu bat osotu eban Ernsten galerista nagusi Aram Mouradianen jatorrizko bildumatik datoz.
Histoire naturelle, Parisen argitaratua, serieak fototipo bidez erreproduziduten ditu Max Ernstek frottage teknikea erabiliz egindako lehen marrazkietako 34.
Kalkoaren printzipioei jarraituz, Nantesetik hur dagoan Pornic herriko hotel batean bere logelako zoruko egurrezko oholen korapiloak eta arrakalak arkatzez pape baten gainean igurtzi zituanean sortutako prozedurea da eta Ernstek berak sortu ei eban prozedura hori. Modu esperimental horretan ehun marrazki inguru sortu zitun, konposizino eta alkarketa enigmatikoakaz, onirikoaren irudimenetik eta bitxikeriatik datozen animalia, landare edo mineralen organismoak gogora ekarten dituenak.
1926ko martian aurkeztu ziran lehen aldiz Aram Mouradian ingelesak eta Leonard Van Leer holandarrak zuzendutako Parisko Van Leer galerian serieko 10 frottageak. Urte bereko apirilean serie osoa erakutsi zan Jeanne Bucher arte-merkatariaren lokalean, eta harek, marrazkiek izandako harrera ona ikusita, fototipoen karpetea inprimidutea erabagi eban. 306 aleko tirada mugatua egin zan, besteak beste, gordailuaren parte dan eta orain ikusgai dagoan 3. zenbakia.
Museoan gordetako lanen artean Les Éclairs au-dessous de quatorze ans (1925) lanaren jatorrizko marrazkia dago, ondoren Histoire Naturelle karpetarako fototipo moduan erreproduzidutakoa.
Max Ernst gordailua
André Bretonen lehen Manifestu surrealistea 1924an argitaratzearen harian, 1920ko hamarkadea adimenezko eta sormenezko irakinaldia izan zan; hain zuzen be, artearen munduan sekulako eraldaketak izan ziran, beste arlo batzuk aztertzen hasi baitziran, besteak beste, inkontzientea, amesak eta irudimena. Testuinguru horretan, Max Ernsten obra-multzo esanguratsu bat Bilboko museoan gordeteak aparteko garrantzia hartzen dau Espainiako bilduma publikoetan dauen presentzia txikiagaitik (obra bi Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalean eta lau Thyssen-Bornemisza Museo Nazionalean).
Orain ikusgai dagozan Aram Mouradian galeristearen jatorrizko bildumako 14 pinturek, lau marrazkik, frottage bik eta 34 fototipok osatzen dute. Eskultura baten eta material dokumentalaren aldi baterako maileguaga batera, Obra Gonbidatua programako edizino aparta dira, Miriam Alzuri Milanés museoko Arte Moderno eta Garaikidearen konserbatzailea komisario dabela.
Mouradianek Ernsti 1927an erosi eutsozan eta orain ikusgai dagozan obren artean, ondoko marrazki dagoz: La Belle jardinière (c. 1921-1922), Deux enfants dans une chambre percée (1923) eta L’Ombre (1923); baita margolan honeek be: Deux jeunes filles en de belles poses (1924), Cage et oiseaux (1924), Les Mains aux oiseaux (1925), Jeunes gens piétinant leur mère (1927), Petit monument aux oiseaux (1927), Forêt et soleil bleu (1927), Forêts-arêtes (1927) edo/eta Fleurs-écailles (1928). Erositakoen artean, barriz, ondokoak ditugu: Danseur sous le ciel (Le Noctambule) (c. 1922), L’Éloge de la folie (1924) eta Les Éclairs au-dessous de quatorze ans (1925) lanaren jatorrizko marrazkia.
Max Ernst (Brühl, Alemania, 1891-Paris, 1976)
Margolaria, eskultorea eta collagearen eta obra grafikoen munduan eragin handiko hainbat lanen egilea izan zan Max Ernst, prestakuntza autodidaktako artistea. Artea, filosofia, literaturea eta psikiatria ikasi zituan Bonneko Unibersidatean eta XX. mendeko lehen hamarkadan ekin eutson ibilbide artistikoa, espresionismoaren eta kubismoaren lengoaietan interesa ebalako. Lehen Mundu Gerran burrukatu ondoren, Koloniako talde dadaisteagaz batu eta Berlingo, Zuricheko eta Parisko taldeakaz hartu-emonak izan zituan. Sasoi haretan, artistearen lehen collage eta fotomontaketak egin zituan, 1921ean jarri baitzituan ikusgai André Bretonek eta Simone Kahnek Parisen eben Au Sans Pareil liburudendan.
1922an Parisera joan zan biziten eta, han, oinarrizkoa izan zan mobimentu surrealistearen barruan, sormenezko irudimenari eta bere lanean teknika barriak sartzeko eban gaitasunari esker. Bere egin zituan frottage teknikea –hari leporatzen jako ha sortzea–, grattage dalakoa eta dekalkomania – Óscar Domínguez espainiar margolariak 1935ean asmautakoa–.
1938an, talde surrealistea baztertu eta Avignon iparraldeko Saint-Martin d’Ardèche herrira joan zan, Mexikon nazionalizautako Leonora Carrington margolari surrealista ingelesaga. Hiru urte aurrerago, Bigarren Mundu Gerra hasia zala, AEBetara joan zan biziten eta Peggy Guggenheim newyorktar bildumagile eta mezenasagaz ezkondu zan. Ondoren, zenbait urtez Arizonan bizi izan zan, Dorothea Tanning estadubatuar artista surrealisteagaz. 1953an Parisera bueltau zan, ordurako nazinoarteko ospea lortuta.
Max Ernst. Surrealismoaren poetikak
Maiatzak 8, 15, 22 eta 29 (eguenak), 18:30ean hasita.
Berbaldiak
- Max Ernst y Paul Éluard, de Dadá al surrealismo. Hizlaria: Juan Manuel Bonet. Poeta, kritikaria eta komisarioa.
- Extraños en la noche. Sobre las miradas políticas en el país de los sueños. Hizlaria: Yayo Aznar. UNEDeko Geografia eta Historia Fakultadeko dekanoa.
- ¡Solo fueron tres años de mi vida! Leonora Carrington eta Max Ernst. Hizlaria: Juncal Caballero Guiral. Jaume I Unibersidadeko Estetika eta Arteen Teoriako irakaslea.
- Técnicas para la ensoñación. Los collages y frottages de Max Ernst. Hizlaria: José Galindo Gálvez. Valentziako Unibersidade Politeknikoko Arte Ederren Fakultadeko dekanoa.
Informazio gehiago eta izen-emateak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!