Ezagutzearen alde UPV/EHUko 44. Uda Ikastaroetan
2025-05-08 13:47 KultureaAlkarbizitza, demokrazia, parte-hartzea, kolektibidadea eta talde lana azpimarratzea dira helburuak.

Udako Ikastaroen 44. edizinoaren aurkezpena izan da gaur Bilbon, BBVA Fundazinoaren egoitzan. Joxerramon Bengoetxea UPV/EHUko errektoreak, Laura Poderoso BBVA Fundazinoko zuzendariordeak eta Idoia Otaegui Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak 2025eko edizinoari buruzko argibideak emon ditue.
Bagilaren hasieratik irailaren amaierara 152 Uda Ikastaro eta 14 workshop programau dira. Eskaintza kopuruaren araberako hurrenkeran, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Baionan izango da jarduera multzorik handiena. Urietatik harago, Uda Ikastaroak lurraldean zehar ibiltari izateko helburua oinarri, Ataun, Auritz-Burguete, Azkoitia, Beasain, Elgoibar, Gernika-Lumo, Ispaster, Miñao Gutxia, Mutiloa, Lekeitio, Lesaka, Oñati, Zerain eta Zubietara hedatuko da eskaintzea.
Joxerramon Bengoetxea UPV/EHUko errektoreak nabarmendu dauenez, bizi ditugun garaiotan geroz eta garrantzia handiagoa hartzen dau ezagutzearen aldeko jarereak. Arabere gehiago, jarrera horrek marketan dau diferentzia. Eta oinarri zientifikoa daben egiaztatutako datuak be ezbaian jarten diran garaiotan, ezelako oinarririk bako argudioak bolo-bolo zabaltzen diran egunotan, ezinbestean jarraitu behar dogu ezagutzan sakontzen.
UIK, ezagutzaren dibulgazino eta gogoetarako alkargunea
UPV/EHUren Uda Ikastaroak Fundazinoaren (UIK) urte luzetako eskarmentuari eta jakintzearen arloan lanean dabizen erakundeakaz eta norbanakoakaz eregitako alkarlanari esker, Uda Ikastaroak gizartearen erronken inguruko dibulgazino, eztabaida eta gogoetarako erreferentziazko alkargune bihurtu dira eta kalidadeko formazino programea eskaintzen da urtero.
Aliantzak estrategikoak dira UIKrentzat eta, esangura horretan, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak eta BBVA Fundazinoak proiektuaren arrea daben konpromiso sendoa.
Sasoiko desafioak oinarri hartuta, askotariko gaiak izango dira aztergai Udako Ikastaroetan, besteak beste, Gizartea, Osasuna, Hezkuntza, Zuzenbidea, Ekonomia, Alkarbizitzea eta Enpresa zein Zientzia eta Teknologiari jagokozanak.
UIK munduan
Ezagutzaren transferentzian nazinoarteko ikuspegia oinarrizko estrategia da. Atzerriko aditu eta ikasleen parte-hartzeak balio erantsia emoten deutse UIKren jardunari eta helburu hori oinarri daben ikastaro ugari iango dira programazinoan.
Ikastaro espezializatuak
Udako Ikastaroez gan, UIKk urte osoan zehar ikastaro espezializatuak atontze ditu eta udaldian, nazinoarteko aditu ugari batuko dituen jarduerak eskainiko dira.
Horrezaz gan, Baionan egingo dan Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroen laugarren edizinoa iragarri dabe, Akitania Barria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko bost unibersidade publikoakaz eta tokiko erakundeakaz alkarlanean.
Matrikulazino epea zabalik
Matrikulazino epea zabalik dago eta ikastaro bakotxa hasi arte izena-emoteko aukerea izango dabe interesatuek.
- Epea: maiatzaren 8tik ikastaro bakotxa hasi arte.
- Izen-emotea: www.uik.eus
- UPV/EHUko Uda Ikastaroei buruzko informazinoa: www.uik.eus
18 eta 25 bitarteko gazteei Udako Ikastaroetan parte hartzeko erraztasunak emoteko eskaintza berezia izango dabe. Bagilaren 30a baino lehen matrikulau ezkero, 25 euro baino ez ditue ordaindu behar izango ikastaro gehienetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!