Bizkaiak bat egingo dau Museoen Nazinoarteko Egunagaz

Bizkaie! 2025-05-08 08:29   Kulturea

Bizkaia Museoz Museo, aukeratzeko beste lelopean.

Datorren maiatzaren 18an, Bizkaiak bat egingo dau Museoen Nazinoarteko Egunagaz, Bizkaia Museoz Museo, aukeratzeko beste lelopean.

Leixuri Arrizabalaga Euskerea, Kulturea eta Kirol foru diputaduak azpimarratu dauenez: museoek, gure gizartean betetzen daben funtsezko zereginaren hausnarketea eta autorpena sustatzen dauen eguna da. Gure historiaren, kulturearen eta nortasunaren seinale dira. Beraz, lurraldeko museo-eskaintzari balioa emon behar jako, baita Euskararen Etxeak Europako 2025eko Museo Onenaren Europako Konsejuaren eskutik jaso barri dauen saria gogorarazo be.

Foru Erakundeak ekimena atondu dau maiatzaren 18an Abandoibarran, Evaristo Txurruka kaian, Bilbon. 11:00etatik 19:00etara, ikus-entzunezko pieza batez disfrutetako aukerea izango dabe bertoratzen diranek, izan be, lurraldeko 45 museoetan zehar ibilbidea egin ahal izango dabe. Ganera, Bizkaiko museo-eskaintzeari buruzko materialak banatuko dira.

Gune horretan berton, maiatzaren 18an, 5 eta 11 urte bitarteko umeei zuzendutako tailerrak jarriko dira, museoekaz lotutako sorkuntza eta hezkuntza-jardueretan parte hartu ahal izateko. Tailerrak 11:00etatik 15:00etara egongo dira. Parte hartu nahi dabenek tailerretara hurreratu eta izena emon beharko dabe, doban.

Abandoibarrako jarduerez gan, Bizkaiko Museoan sartzea doban izango da eta jarduera bereziak atondu ditue. Programatutako jarduerei eta museo parte-hartzaileei buruzko informazio guztia hemen dago eskuragarri.

Bizkaiko Museoen Nazinoarteko Eguna gure historia, artea eta kultura jagon eta partekatzeko guneak ezagutzeko eta horreetaz disfrutetako konbidapena da. Ikasteko, hausnartzeko eta gure nortasunagaz konektetako aukerea, gure lurraldeko museo-aberastasunaren bidez.

Bizkaiko Museoek atondutako ekintzak

  • Arkeologia Museoak, maiatzaren 17an, 12:00etan eta 17:00etan, espazio ezkutuetara bisita gidatua eskainiko dau. Museoko ohiko bisitetan ikusten ez diran espazioak erakutsiz, bisita gidatu bi izango dira: goizeko 12:00etan euskerazko bisita gidatua eta arratsaldeko 17:00etan gazteleraz. Maiatzaren 18an Baleazaleen herriak famili tailerra be izango da 11:30ean. Maiatzaren 17an eta 18an sarrerea doban izango da.
  • Bilboko Itsasmuseumen sartzea doban izango da. Maiatzaren 18an Urez Ur Fest jaialdia hartuko dau, itsas ingurunearen dibulgazinoari, konzientziazinoari eta kudeaketeari eskainitako jaialdia, 11:00etatik 19:00etara. Ganera, itsasoari, bere natureari, fauneari, floreari eta gogora eroaten dituan emozinoei buruzko argazki erakusketea bisitatu ahal izango da. Horrezaz gan, maiatzaren 22an, eguena, 19:00etan, Javier Gonzalez de Durana Isusik hitzaldia emongo dau Zorrotza inguruko pintura inpresinonisteari eta paisaia industrialari buruz, La Obra Invitada programearen barruan eta Adolfo Guiarden La Ría en Desierto obraren aldi baterako lagapena dala-eta.
  • Bilbao Museoak hainbat jarduera batzen dituan jardunaldi kulturala eskainiko dau maiatzaren 18an. 11:30ean, arteari eta literatureari buruzko bisita gidatua egingo da, Del Greco a Zuloaga erakusketearen inguruan. 12:00etan Max Ernst. Paris, 1922-1928 erakusketea bisitau ahal izango da. Ondoren, 13:00etan, Josetxu Obregón musikariak kontzertua eskainiko dau museoko Icaza hallean. Arratsaldean, 17:30ean, arteari eta literatureari buruzko bisitea errepikauko da, oraingoan Fondo berriak. Ganera, 18:00etan, Del Greco a Zuloaga erakusketea ezagutzeko beste aukerea egongo da, bisita gidatu baten bidez. Maiatzaren 18an sarrerea eta jarduerak doban izango dira. Halanda be, bisitetarako aldez aurretik izena emon behar da museoko leihatilean, hasi baino 30 minutu lehenago gitxienez.
  • Guggenheim Bilbao Museoak sarrerea doban eskainiko dau maiatzaren 18an, baina horreek online bakarrik hartu ahal izango dira maiatzaren 13tik aurrera.
  • Bilboko Berreginen Museoan sartzea doban izango da maiatzaren 18an. Bestalde, maiatzaren 14an Ṣuwar al-Rūm. Islam. Eskultura klasikoa erakusketea inaugurauko dabe eta 15ean, Jorge Elices Ocón ikertzaileak hitzaldia emongo dau aldi baterako erakusketa horren inguruan.
  • Bilboko Eleiz Museoko sarrera doban izango da maiatzaren 17an eta 18an. Ganera opari bat eskainiko jake museora hurreratzen diranei. Bilboko Zezen Museoak doban edegiko ditu ateak maiatzaren 18an, 10:00etatik 14:00etara eta bisita gidatuak eskainiko ditu.
  • Maiatzaren 18an Bilboko Athletic Club Museoa doban bisitau ahal izango da, baita Bilboko Euskararen Etxean be.
  • Bilboko Euskal Abertzaletasunaren Museoak, maiatzaren 19tik 23ra, doban eskainiko ditu erakusketa iraunkor eta aldi baterakorak. Ganera, oparia emongo deutse joaten diranei.
  • Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar Museoan Itsu koplak ikuskizunaz disfrutetako aukerea izango da. Josune Aramendi eta Unai Iturriaga bertsolariek Ziortza-Bolibarren argazki bildumean inspirautako bat-bateko istorio bati forma emongo deutse.
  • Orozkoko Museoan dobako sarrerea eta gidatutako bisitak izango dira.
  • Gernikako Bakearen Museoak ate edegien jardunaldiak izango ditu.
  • Bizkaia Zubitik % 20ko deskontua egingo dabe pasabideko sarrera guztietan maiatzaren 18an. Horrezaz gan, doban izango da zubiaren historia jasoten dauen audiogidea.
  • Arrantzaleen Museoan, Bermeon, maiatzaren 15ean 18:00etan hasiko da egitasmoa, Juan Antonio Apraizen Gure arrantzaleen arrantza; ikusi-ikutu-erabili erakustaldiagaz. Maiatzaren 16, 17 eta 18an Arrantzaleen Museorako sarrerea doban izango da, Museoen Nazinoarteko Eguna eta Bermeoko Arrain Azoka dirala-eta.
  • Txakolin Museoa-Txakolinguneak (Bakio) Nazioarteko Ardoak atonduko dau maiatzaren 18an, Bizkaiko txakolinaren eta nazinoarteko ardao zurien probaketea, herrialde bakotxeko produktu tipikoekaz. Probaketea 12:00etan hasiko da, prezioa 15 eurokoa da eta plazak mugatuak diranez, aldez aurretik erreserbea egin behar da.
  • Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan (Gallarta) sartzea doban izango da, bisita gidatuak % 50eko deskontuagaz.
  • Mañarian Hontza Museoak maiatzaren 18an sarrera doban eskaintzeaz gan, hitzaldia atondutako dau maiatzaren 15ean Durangoko Kurutse Santo Museoan 19:00etan. Ondoko gai honeek jorratuko dira: Neandertalak Euskal Herrian eta Durangaldea, hartz-lurraldea.
  • Dolomiten Aintzinako Fabrikaren Museoak (Karrantza) maiatzaren 17an Dolomitas y su gente, recuerdos de una fábrica en el tiempo izenburupean Dolomitas eta Ambasaguas auzora bisitea atonduko dau.
  • Medikuntzaren Historiaren Euskal Museoak (Leioa) dobako bisita gidatua eskainiko dau maiatzaren 19an, astelehena, 11:00etan, Medikuntzak aurrera egiten du teknologiaren garapenarekin izenburupean eta medikuntzan diagnostikoa eta tratamendua hobetu daben tekniken bilakaerea aztertuko da.
  • Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan sartzea doban izango da maiatzaren 18an.
  • Santimamiñe Kortezubin bisita gidatuak doban eskainiko dira egun horretan.
  • Rialia Industria Museoan (Portugalete) be sartzea doban izango da, eta umeei Zatoz, jolastu eta deskubritu pista-jokoan parte hartzeko konbitea egingo jake.
  • Enkarterrietako Museoak (Sopuerta) Abellaneda - bezi-Abellaneda ibilbide zirkularraren 3. edizinoa atondu dau maiatzaren 18an.
  • Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda) doban bisitau ahal izango da maiatzaren 18an.
  • Balmasedako Pasioaren Museoak bisita gidatua egingo dau maiatzaren 18an Ezagutu gure Aste Santua barrutik izenburupean. Antxinako tradizino horren sekretuak ezagutzeko aukera parebakoa izango da.
  • Durangoko Arte eta Historia Museoak 3 urte arteko umeentzako Zapaburu proiektu multisentsoriala eskainiko dau doban, maiatzaren 16, 17 eta 18an.
  • Santurtziko arrantzaleen kofradiaren barruan dagoan Santurtzi Itsasoa Museoak begirada parebakoa eskaintzen deutso herriak haren historian itsasoagaz izan dauen hartu-emon estuari. Maiatzaren 18an, museoak jardunaldia egingo dau 10:00etatik 15:00etara, doban. Ganera, 12:30ean, itsas istorioak biziaraziko dituan bisita antzeztuaz disfrutau ahal izango da 2 euroren truke.
  • Agurtza Itsasontziak esperientzia eskainiko dau Santurtzin, zurezko benetako arrantza-ontzi baten bizitzea nolakoa zan ezagutzeko. Maiatzaren 18an, 11:00etan eta 12:30ean, doban.
  • Maiatzaren 18an, 11:00etatik 13:30era, Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoak Kapitainaren mezua atondu dau, familientzako dobako ginkanea.
  • Loiuko Andrés de Urdaneta Natura Historiaren Museoak bisita gidatua eskainiko dau maiatzaren 17an, 10:00etan. Sartzea doban izango da aforoa bete arte. Ibilbidea egingo da museoan, pieza enblematikoenak eta esanguratsuenak ikusiz.
  • Muñatones Gazteluak, maiatzaren 18an, 10:30ean eta 12:30ean, doban izango diran emonaldi bi atondu ditu. Plazak mugatuak dira, aldez aurretik izena emotea gomendetan da.
  • Pobaleko Burdinolak El arte del encuentro: madera, hierro y fuego hitzaldia eta erakusketea eskainiko ditu maiatzaren 17an Jose Pablo Arriagaren eskutik. Artistak zuzenean lan eta haren obreaz berba egingo dau Veletas en Bizkaia aldi baterako erakusketean. Jarduerea doban izango da, baina aldez aurretik erreserbea egin behar da.
  • Orduña Hiria Museoak ate edegien jardunaldia izango dau bisita gidatuekaz. Horrezaz gan, museoaren 6. urteurrena ospatzeko ekitaldiak egingo dira.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu