2025eko Itzulia Women Zumarragan hasiko da
2025-05-08 08:02 Kirola19 talde, 14 World Tourrekoak, txapela lortzeko lehiatuko dira.

2025eko Itzulia Womenen aurkezpen ofiziala egin da Donostiako udaletxean eta, besteak beste, honako honeek parte hartu dabe: Eneko Goia, Donostiako alkatea; Iñaki Gabarain, Donostiako Udaleko Kiroletako zinegotzia; Ibone Bengoetxea, Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordea; Roberto Ramajo, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendaria; Joseba Urkiola, EITBko Kiroletako zuzendaria; eta Javier Riaño, OCETAko presidentea.
2025eko Itzulia Women maiatzaren 16tik 18ra izango da Zumarraga eta Donostia artean eta, danetara, hiru etapa izango ditu. Hirugarren edizinoak honako udalerri honeek zeharkatuko ditu 377 kilometrotan: Zumarraga, Agurain, Ugao-Miraballes, Igorre eta Donostia.
Udalak, instituzinoek, babesleak eta lasterketearen lagunak bertan egozala eta, Javier Riañok ondokoa adierazo dau: eskerrak emon nahi ditugu lasterketa hau aurrera atarateko orduan jasotako babes eta laguntza guztiagaitik. Lasterketa gaztea dan arren, proiekzino handikoa da. Babes gehiago lortzen jarraituko dogu, lasterketa handi hau egutegian finkatu eta maila gorenean jarraitu ahal izateko.
Lehenengo lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Ibone Bengoetxeak zehaztu dauenez, gure afizinoa, gure txirrindulari taldeak, eta gure Herria, euskal gizartearen identidadearen parte dira; Itzulia lako goi mailako txirrindulari lasterketek, emakumezkoenak zein gizonezkoenak, Europako eta mundu osoko begiak gure herrian jarten ditu. Euskadi mapa globalean kokatzen dau. ‘Euskadi Basque Country’ markea gara guztiok: mundura zabaldu eta gure egiteko modua, kirola biziteko modua, euskal gizarteak dituan baloreak erakusten dituan markea. Eta, Itzulia, horixe da.
Era berean, lehendakariordeak baieztatu dau Jaurlaritzearen konpromisoa goi mailako emakumezkoen kirolagaz sendoa dala: goi mailako emakumeakaz eta baita euren aldeko egitasmoak bultzatzeko jarrerea eta lana egiten daben erakunde guztien bidelagun izango gara. Danon ardura da hau bultzatzea.
Echemar Garraioak enpresako ordezkari moduan, Ibon Barberíak, Komunikazinoko zuzendariak, aurkezpenean bertan baieztatu duaenez, Itzulia Women lasterketea baino askoz gehiago da, Nazinoarteko erakusleihoa, eliteko emakume kirolariak jarten ditu agirian, bardintasun-balioak sustatzen ditu eta geure sustraiakaz lotzen gaitu. Echemar enpresakoontzat, emakumeen txirrindularitzearen oraina eta etorkizuna sustatzeko modua da, baita geure lurraldean bertan lehen mailako kirol-ekitaldien garapen jasangarria bultzatzeko modua be. Geure esperientzia logistikoaren bidez, bermatu egingo dogu etapa bakotxak behar besteko baliabideak dituala, lehiaketea eraginkortasunez nahiz segurtasunez egin eta ingurumena ahalik eta gehien errespeau daigun.
Joseba Urkiolak, EITBko kirol zuzendariak, ondokoa adierazo dau: urteko hitzordurik garrantzitsuenetako baten aurrean gagoz eta oso pozik hartzen dogu erronkea. Aurreko urteetan gozau genduan moduan, aurten be hori da gure asmoa. Goi mailako txirrindulartizea goi mailako teknologia lagun. Egunero eguerdiko 12:00etatik aurrera zuzenean eskainiko dogu lasterketea ETB1 eta eitb.eusen. Eukadi Irratian eta Radio Euskadin be jarraipen zabala egino dogu. Txirrindularitzea gure kirol estrategikotzat daukagu eta betiko legez, doguna emotea izango da helburu. Albistegi danetan jarraipen zabala eginez eta zuzenekoagaz, jakina. Zumarragan hasi eta Donostian amaitu. Gure eretxiz hiru egun eder datoz. Gaur urte batzuk pentsauezina zana, orain erralidade bihurtuko da eta hau guztia hemen Donostian eskaintzea gauza handia da. Hemen hasi zan errealidade hau egia bilakatzen eta segidu daigun istorio handi hau eregiten.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendaria, Roberto Ramajok, ekitaldian bertan azaldu dauenez, oso epealdi laburrean, Itzulia Womenek nazinoarteko txirrindularitzako ezinbesteko hitzordu eta emakumeen kiroleko erreferente izatea lortu dau. Gipuzkoak harrotasunez hartzen dau lasterketea, bardintasunaren, talentuaren eta ahaleginaren erakusgarri da-eta. Itzulia Womenen edizino bakotxak bidezkoagoa eta inklusiboagoa dan kirolera hurreratzen gaitu. Gure babes guztia eman nahi deutsegu txirrindulariei.
Etapak
Edizio hau menditsuena izango da, 10 mendate puntuagarri egongo diralako: lehen mailako 1, 2. mailako 3 eta 3. mailako 6.
Lehenengo etapea: Zumarraga - Agurain 148,5 km
2025eko Itzulia Womeneko lehenengo etapa luzeena eta metatutako aldats handienekoa izango da edizino honetan. Hiru mendate puntuagarri baino ez dira egongo, baina nahikoa gorabeheratsuak. Igesaldirako egun aproposa. Lehenago, barriz, Azazetako mendatearen osteko azken kilometroak azkar-azkarrak izango dira helmugaraino.
Bigarren etapea: Ugao-Miraballes - Igorre 116,0 km
Urduritasun handieneko etapea. 116 kilometro baino ez ditu izango, baina 4 mendate puntuagarri egongo dira eta azken kilometroak aldapatsuak izango dira. Ziur hobaridun esprint biak interesgarriak izango dirala sailkapen nagusirako burrukeari begira.
Hirugarren etapea: Donostia - Donostia 112,6 km
Etapa erabagigarria benetan. Ibilbidea Donostiako Klasikokoaren antzekoa izango da, Lezotik Jaizkibelera bidea egingo direlako eta, amaitzeko, Oriotik Mendizorrotzera. Donostiaranzko jatsierea eta Donostiarainoko hurrengo kilometroak banakako erlojupekoa izango dira, helmugara heldu eta sailkapen nagusian garaipena lortzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!