David de las Heras artistea da Itzulia Basque Country 2025eko kartelaren egilea
2025-03-26 08:04 KultureaEuskadi Literatura Saria jaso eban igaz Literatura Lanen Ilustrazinoa kategorian.

Apirilaren 7tik 12ra eta maiatzaren 16tik 18ra egingo diran aurtengo Itzulia Basque Country eta Women Itzulia iragarteko kartelak badakigu zelakoak dira. Orain zazpi urtetik hona, Euskadi Literatura Sariaren irabazleak diseinetan dau Itzuliaren kartela, Literatur Lanen Ilustrazino kategorian aurten saritua eta, beraz, kartelaren egilea, David de las Heras da.Miguel Zugaza, David de las Heras, Andoni Iturbe eta Javier Riaño.
Bilboko Arte Ederren Museoak Itzuliaren kartelaren aurkezpena egin dau eta bertan izan dira Andoni Iturbe Kulturako sailburuordea, Javier Riaño OCETA – Organizaciones Ciclistas Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzako (Itzulia atontzen dauen organizazinoko) presidentea, David de las Heras egilea eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria. Gerra Zibilaren aurretik, euskal artista ezagunek egin zituen karrerea iragarteko irudiak, horreetako asko Bilboko Arte Ederren Museoan gordeta dagoz. 2019an, Eusko Jaurlaritzeak, museoagaz lankidetzan, tradizino hori berreskuratzea erabagi eban eta ordutik Lan literarioen ilustrazinoa kategorian Euskadi Literatura Saria irabazi dauen personeak diseinau dau Itzuliaren kartela. Ondoren, lan hori aiatutako museoan gordetea izan da konpromisoa.
David de las Herasek azaldu dauenez, gizakiaren eta Euskal Herriko paisajearen arteko hartu-emonei buruzko gogoetea islatu dot kartelean. Bartzelonan bizi naz eta nire lurraldera bueltetan nazenean, asko igarten dot aldaketea Euskal Herrira heltzen nazenean, mendi horreek, paisaje berdeak, hodei horreiek...; obrea egiteko, orioagaz eta papel gainean lan egin dot, gizakiaren aldean natureak dauen eskalea transmitidu guran: zelan gizakiak burrukatu eta aurre egin behar deuson natureak ezartzen deutson bide gogor bati adierazo gura izan dot.
Andoni Iturbe Kulturako sailburuordeak azaldu dauenez: Eusko Jaurlaritzan tradizinoa berreskuratu nahi genduan, hau da, artea eta kirola lako arlo bi alkartu eta gure artistei aukerak eskaini beren lana ezagutzera emoteko eta normalean heltzen ez diran publikora heltzeko: artisteak autortzea gure lan-ardatzetako bat da eta uste dogu gaur hemen egotea, Bilboko Arte Ederren Museoan, proiektu batean hainbat eragile konektauta, helburu hori lortzeko beste bide bat da, adierazo dau.
Lasterketak atontzen dituan alkarteko Javier Riañok bere poza adierazo dau artea eta kirola buztartzen dituan lankidetza aberasgarri honegaz jarraitzeagaitik: sinergia horregaz urte gehiagotan jarraitu nahi dogu eta gure karrerak irudikatzeko hainbat obra ikusi.
Bestalde, Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendari Miguel Zugazak nabarmendu dauenez, David de las Herasek Itzulia 2025erako sortutako irudiak paisajea berreskuratzea esan nahi dau, konposizinoaren elementu nagusi lezx. Beste mugarri bat museoko bildumetan sartzen dan Itzuliaren kartelen sekuentzia bikainerako.Miguel Zugaza.
Ekimen honi esker, Bilboko museoan Yolanda Mosquera, Asisko Urmeneta, Miren Asiain, Javier Isusi, Maite Mutuberria eta Joseba Larratxeren diseinuak gordailatuta dagoz, Euskadi Literatura Sarietako Literatura Lanen Ilustrazinoa kategorian sarituak eta horreei David de las Herasena gehituko jake.
David de las Heras
David de las Heras artista plastikoa eta ilustratzailea da. Arte Ederretan lizentziatua UPV/EHUn eta Escola Massana ilustrazino-zikloan graduatua. Bere margolanak Alemania eta Portugal lako herrialdeetan izan dira ikusgai. Ilustratzaile lanei jagokenez, zenbait liburu argitaratu ditu, besteak beste, Martín, de grumete a capitán eta Atlas de la España imaginada. Liburuen azalen diseinuan be espezializauta dago, eta nabarmentzekoak dira James Rhodes pianistearentzat egindako lana eta 2015ean Kalimán libururako egindako azala. Bere lana egunkarietan, igandekarietan eta gehigarri kulturaletan dagoz. 2024an Euskadi Literatura Saria jaso eban, Literatura Lanen Ilustrazinoa kategorian, Campos de Castilla obreagaitik.
Itzulia Basque Country 2025
Basque Country 2025 Itzulia apirilaren 7tik 12ra egingo da. Aurtengo edizioa Gasteizen hasi eta Eibarren amaituko da. Danetara, sei etapa izango dira: Vitoria-Gasteiz/Baskonia-Alaves/Iruña-Lodosa/Zarautz/Beasain/Markina-Xemein/Urduña/Gernika-Lumo/Eibar. Maiatzaren 16tik 18ra egingo dan Women Itzuliaren ibilbidea ez da oraindino ofizialki aurkeztu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!