Euskadiko 152 hegazti espezien datuak batu ditue

Bizkaie! 2025-05-07 11:14   Kulturea

Hegazti Migratzaileen Atlasa liburuan.

Maiatzaren 10ean izango dan Hegazti Migratzaileen Nazinoarteko Eguna dala-eta, Aranzadi Zientzia Alkarteak Euskadiko lehen Hegazti Migratzaileen Atlasa argitaratu dau. Horretarako, Eusko Jaurlaritzearen laguntzea izan dau. Urtero, mundu osoko miloeka hegaztik euren ugalketa-eremuak ixten ditue negutik bizirik ateretako. Migrazino-bidaia milaka kilometrokoa izan daiteke eta animalia-bizitzako fenomeno harrigarrienetako bat eregin.

Juan Arizaga Aranzadiko Ornitologia Saileko zuzendariak egin dau aurkezpena. Horrezaz gan, berton izan dira Eusko Jaurlaritzako eta hiru Foru-Aldundietako ordezkariak. Arizagak adierazo dauanez: Euskadi, herrialde txikia izan arren, hegaztien migrazinorako funtsezko eremua da Europa mendebaldean, kokapen geografiko berezia dauelako. Hegazti Migratzaileen Atlasak gure lurraldean zehar dabizan hegaztien 100 urteko datu zientifikoak batzen ditu. Ganera, 152 espezieetako datuen azterketea egiten da, besteak beste, mapak eta grafikoak.

Bestalde, Ingurumeneko sailburuorde Josu Bilbaok nabarmendu dau hegazti migratzaile horreek klima-aldaketearen adierazle izan daitekeela: hegazti migratzaileak ingurumen-presinoekiko sumagarrietako espezieak dira. Halanda ze, horreen populazinoen dinamikea eta joerak ingurumenaren osasunaren adierazle garrantzitsuak dira, Euskadin bultzatutako ingurumen-politiken aurrerapena neurtzen laguntzen deuskunak. Europan gure naturguneen konserbazinoan gehien inbertiduten dogun lurraldeetako bat gara, gure espazioen ia % 25 Natura 2000 Sareak babestutako eremuak dirala jakinda. Beraz, Aranzadi Zientzia Alkartearen lana funtsezkoa da gure ingurune naturala gehiago ezagutzen laguntzeko eta gure ekosistemak eta biodibersidadea babesteko politika eta inbersino publikoak zehetasun handiagoz zuzendu ahal izateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu