La Ruta del Arte BBK VI. Artearen Ibilbidea 2025 martxan
2025-05-07 07:59 KultureaBilbon, 2025eko maiatzaren 6an hasita.

'Tristan e Isolda'. Rogelio de Egusquiza.
'Mariposas'. Ana Laura Alaez.
Alde batetik, arteak era guztietako historiak maila bisualen adierazoteko dauen gaitasunean eta, bestetik, museoko bildumen aberastasunean oinarrituta, BBK Artearen Ibilbidearen proposamen barriak ibilbide heterogeneo eta askotarikoa eskaintzen dau mendebaldeko artean zehar, historian zehar izakera eta jatorri askotako iturri literarioetan inspirau diran egileakaz. Greziar eta erromatar Antxinatetik jatorkuz, hurranez hurran, Tito Livio eta Ovidioren kontakizunak, Lukrezia nobleari eta Europako printzeseari buruzkoak, XVI. mendean Alemaniako Errenazimenduko protagonistetako bat izan zana, Lucas Cranach Zaharra eta Martin de Vos flandestarra inspirau zituenak. Biek iges egiten deutsee gaiaren alderdi labainenei, biluzi femenino eder bi margotzeko. Joaneko garai baten aurreko lilura erromantizistea Korintoko Apoloren tenpluaren hondakinen bidez be heltzen da guregana; Isabel Baquedanok margotu eban tenplu hori, joan dan mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadako amaieran Greziara eta Italiara egindako bidaia baten ondoren eta Idoia Montónek erliebe asiriar zeremoniala ekarri eban gogora, artisteak 2019ko Kurdistan bisitau ondoren. Duda barik, historian gehien zabaldutako liburuak, Bibliak, hartzen dau edizino honetako hautaketearen zati handi bat, Itun Zahar eta Barriko kontakizun eta protagonisten irudikapenakaz: Eva, Francisco Durrioren zeramikazko medailoi ederrean (1908); Noeren kutxa (XIII. mendea), erromaniko katalanekoa; Orazio Gentileschiren Judit eta Holofernes (c. 1605-1612); edo/eta José Echenagusíaren Sanson eta Dalila (1887). Batzuetan, kezka edo ardura dinastikoak gainditzen ditu ondoko lanetan: Lot eta bere alabak (c. 1628), hori be Orazio Gentileschirena; Francisco Gutiérrez Cabelloren Kapritxo arkitektonikoa, Moises uretatik salbatua (c. 1653-1655); eta Mari Puri Herreroren Jakoben ametsa (1982). Beste batzuetan, fede-frogak interpretea, Pedro Orrenteren Isaaken sakrifizioa (c. 1616) eta Domenico Violaren Job eta bere seme-alabak (c. 1650) lanetan jazoten dan lez. Bibliagaz batera, kontakizun hagiografikoek ospe handiko personaiak jasoten ditue, besteak beste, Alexandriako Santa Katalina, Sofonisba Anguissolak XVI. mendearen amaieran irudikatua, eta San Sebastian, Andrés Nagelek pop estetikaz betetako collage batean lau mende geroago landua. Isabel Baquedano Eszena Korintoko Apoloren tenpluan, 1980 Mayte Baquedano Elviraren dohaintzea 2020an
Emakume historikoek, Kleopatra edo Joana Arcekoa kasu, baita garaikideek be, Marilyn Monroe aktoreak adibidez, mito kategoria lortu dabe eta, holan, toki nabarmena dabe imajinario kolektiboan eta arte bisualetan. Literatureari eta libretoei sobera erreparau deutse pinturak eta holan ulertzen dogu Tristan eta Isolda mihisea (1910), izan be, Rogelio de Egusquizak Richard Wagner konpositore alemaniarraren obrearen aurreko miresmena adierazoten dau. Era berean, Anselmo Guinea margolari bilbotarra Antonio Trueba bere herrikidearen ipuin ospetsuek islatzen daben mundu atseginaz kutsatu zan bere Idilioa Arratian lanean (1889). Azkenik, intimidadeko kontakizunak be batzen ditu ibilbideak. Artistek ni garaikidearen konplexutasuna azaltzen dabe, beren irudia argazki eta ikus-entzunezkoen euskarri legez erabiliz. Hori da Ana Laura Aláezen eta haren Tximeletak (2004) bideoko fotograma biren kasua, baita Itziar Okarizen Variation sur la même t’aime (1992) argazkiarena be. Seigarren edizino honetan, Historiak leloak hainbat artistaren eta hainbat garai eta teknikatako 38 lanen aukeraketea bideratu dau –pintura, collagea, akuarelea, eskulturea, kartela, argazkigintzea eta bideoa–, eta José Luis Merino Gorospe museoko Antxinako Arteko konserbadorea izan da komisarioa.
La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidea
2020tik, La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidea museoaren zabalkundea eta hezkuntzea bere egoitzatik harago eroaten dabil, kultura artistikoa sustatzeko eta espazio publikoetan dauen ondarearen aberastasuna ezagutarazoteko. Horretarako, edizino bakotxean, bildumako obrak fideltasun handiz erreproduziduten dituen panel batzuez osotutako gailu mobikor barri bati formea emoten jako. Irudiakaz batera, lan bakotxaren iruzkinak irakurri daitekez euskeraz eta gaztelaniaz; eta ingelesezko bersinoagaz be doban deskargau daitekez QR kode baten bidez.
Horrezaz gan, ekimen honek Hezkuntza eta Kultur Ekintza Saileko María Victoria Antoñanzasek eta César Ochoak egindako bitartekaritza-programa bat eskaintzen dau. Programeak bisita komentatuak eskaintzen deutsee ikastetxeei eta kultura-alkarteei, eta erakusketa ikusten hurreratzen diran personen konsultei erantzuten deutse.
Aurten be, BBK Banku Fundazinoaren eta udalen babesari esker, maiatzaren 6tik (Bilbo) abenduaren 7ra (Durango), Bizkaiko 31 herritan egingo da ibilbidea.
Babeslea BBK Banku Fundazinoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!