Bardintasunaren eta ume transexualen eskubideen aldeko konpromisoa berretsi dabe

Bizkaie! 2025-05-06 11:02   Pil-pilean

Helburua da edade txikiko transexualak eta euren familiak babesten eta laguntzen aurrera egitea.



Imanol Pradales Lehendakariak azpimarratu dau gizarteak huts egiten dauela ez baditu ume transexualen askatasuna eta garapen osoa bermatzen eta Naizen alkarteak hareen eskubideen alde egiten dauen lana goraipatu dau: ume eta nerabeek dabe askatasunean hazteko eskubide osoa, komunidadearen maitasun eta babesagaz. Ez dogu atzerapausurik emongo. Gure konpromiso osoa dozue. Biltzarrean, Lehendakariak iragarri dau Transexualen Lehen Mailako Arretako Zerbitzu barriak jarriko dirala martxan, genero-aniztasunean espezializautako psikologiako profesionalek osotuta.

Ume eta gazteen transexualidadeari buruzko I. Naizen Biltzarrean ondokoa nabarmendu dau Imanol Pradalesek: ikuspegi erredukzionistak gainditu eta persona bakotxak dan hori izateko eskubide osoa bermatu behar da. Mutila zara zakila dozulako. Neskea zara bulbea dozulako. Hori esaten eustan gizartean jaio nintzan. Baina, ikusi dogunez, mundua ikusteko modu erredukzionista hori erabat okerra zan, jasotako heziketa hori ez zan hautatua eta orain gure esku dago eskema horreek berreregitea, ikuspegi bidezkoagoa ardatz hartuta. Lehendakariak nabarmendu dauenez, gizarteak huts egingo dau ez bagara kapaz persona bakotxak dan hori bildurrik eta traba barik dauen eskubidea bermatzeko. Gizarteak huts egingo dau ume edo nerabeek ez badabe euren komunidadearen babes eta maitasunagaz askatasunean garatzea lortzen.

Naizen alkarteak orain hamar urte ekin eutson ume eta nerabe transexualen eta euren familien eskubideen alde egiten dauen lana goraipatu dau Pradalesek eta nabarmendu dau Biltzar hau oinarrizko espazioa dala entzuteko eta ikasteko.

Era berean, transexualei arreta integrala emoteko eta transexualei bardintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI personen eskubideak bermatzeko Lege barria eraginkortasunez apliketako Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa berretsi dau.

Transexualen Lehen Mailako Arretako Zerbitzu barriak

Osakidetzako lana be nabarmendu dau, Gurutzetako Unibersidade Ospitalean Genero Identidade Unidadea baitau: 1.300 persona baino gehiago artatzen ditu 2011n sortu zanetik. Eta iragarri dau aurten Transexualentzako Lehen Mailako Arretako Zerbitzu barriak jarriko dirala martxan. Zerbitzu horrek ospitalez kanpoko unidadeak izango dira, lurralde-mailakoak, eta genero-aniztasunean espezializautako psikologiako profesionalek osotuko ditue.

Naizenek egunero erantzun hobea emoten laguntzen deusku, nabarmendu eta jakinarazo dau erakunde biak persona transexualak artatzeko osasun-gida barri bat egiteko alkarlanean dabizela.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu