Euskal Herriko neandertalen eta hartzen errastuak ezagutzeko berbaldiak Mañarian

Bizkaie! 2025-05-06 09:03   Kulturea

Hontza Museoaren 10. urteurrenean datoz.

Mañaria 1946. urtean. | Ikusi handiago | Argazki originala

Hontza Museoa Bizkaiko Natur Zientzien Museo ofizial bakarra da. 10 urte bete ditu eta Museon Nazinoarteko Egunaren atarian (maiatzak 18) Durangon berbaldi interesgarri bi atondu ditu. Horrezaz gan, astegoienean, maiatzaren 17an eta 18an, Mañarian kokatutako museora sartzea doban izango da, bertako biodibersidadearen aniztasuna ezagutzeko.

Berbaldiak

- Neandertalak Euskal Herrian, azkenengo aurkikuntzak Bizkaian izenburukoa Asier Gomezek Bizkaian neandertalei buruz izan diran azken aurkikuntzak izango ditu berbagai euskeraz emongo dauen berbaldian.

Aztarnategi eta teknika barriek orain 430.000 urte agertu eta orain dala 40.000 urte desagertu zan giza-leinu ospetsuenaren inguruko informazino barri baliotsua eskaini dabe. 1967an Dimako Axlor aztarnategian topautako hiru giza fosilen azterketak datu interesgarriak azaleratu ditu. Karrantzako Polvorin kobazoluan egindako indusketa barriek giza fosil garrantzitsuen identifikazinoa be ahalbidetu dau. Gainera, Euskal Herrian gaur egunera arte topautako neandertalen fosilen kopururik altuena dago.

Asier Gomez Olivencia.

Barakaldokoa da, Giza Eboluzinoan espezializautako doktorea eta paleontologoa Euskal Herriko Unibersidadean. Atapuercako Ikerketa taldean egin eban tesia. Bertako indusketak egiteaz aparte, Euskal Herriko hainbat aztarnategitako lanak zuzentzen ditu eta horreen artean Karrantzako Polvorineko lehenengo Osinean. Hantxe topautako ezaugarri arkaikoak dituan Neandertal baten fosilak.

- Durangaldea, tierra de osos. Evolución, espécies y extinción de los oso en Euskal Herria izenburukoa Meridako Monica Villaba de Alvarado historialari eta paleontologoak kobazuloetako hartzen eboluzinoa zein izan dan azalduko dau, kasu honetan, gaztelaniazko berbaldian. Paleoneurologia lako teknika barriek, hazur-hondarrak aztertzeaz gan, garunaren egitura berreregitea ahalbidetzen dabe, endokraneoan ixten dituan errastuetatik abiatuta. Mañarian kokatutako Askondoko hatx-zuloa oso aberatsa da gaian sakontzeko, hazurdura osoaren hondarrak ugari diralako eta konserbazino-egoera ezin hobea dalako. Fosilek azken 50 mila urteetako hatx-zuloetako hartzak zelakoak ziran zehatz-mehatz ezagutzeko aukerea emoten dabe.

Mónica Villalba de Alvarado (Mérida, 1988).

Historialaria eta paleontologoa da, ursidoen paleobiologian aditua, Madrilgo Unibersidae Konplutensean. Gaur egun Euskal Herriko Unibersidadean egiten dau lan. Extremadurako Postes hatx-zuloko indusketak zuzentzen ditu, eta Euskal Herriko aztarnategietako ursidoak aztertzeaz arduratzen da. Gaur egun, Askondoko (Mañaria) haitx-zuloko hartzen garezur-hondarrak aztertzen dabil.

Kontuak kontu, berbaldiak maiatzaren 15ean izango dira Durangoko Kurutzesantu Museoan, arratsaldeko 19:00retan.

Argazkiak

Gizaki itxurea dauen argazkia Karrantzan topautako Polvorin kobazulokoa da, neandertal batena. Asier Gomezek egindako azken ikerketen arabera, Bizkaiko hazurrik zaharrena da; Andere izena ipini eutsen, kolore urdinekoa baita topautako zatia, garezur hipotetiko batean erakutsita.




Leize hartzaren garezur barruan topauko litzatekeen burmuina erakusten da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu