Maiatzaren 8an banatuko ditue Open Data Sariak

Bizkaie! 2025-05-02 12:41   Kulturea

UPV/EHUren Bilboko Injinerutza Eskolean.

Eusko Jaurlaritzak urteak daroa Euskadin datu edegien erabilerea sustatzen, Open Data Euskadi ekimenaren eta atariaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazino publikoek sortutako datu publikoen edegiera, erabilerea eta berrerabilerea bultzatzeko asmoz. Helburu nagusia da, beraz, gardentasuna, informazino sarbidea erakundeen arteko lankidetzea eta barrikuntzea sustatzea, baita garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzea be, informazino publikorako dobako sarbidea bermatuz.

Helburu eta konpromiso horri jarraituz, Open Data Sariak sortu ziran, Euskadiko datu edegiak erabiltzen dituen ekimen eta proiektu onenak autortu eta saritzeko.

Open Data sariek datu publikoen erabilerean sormena eta barrikuntza bultzatu nahi dabe. Datu edegietan oinarritutako ideak, urtenbide teknologikoak, aplikazinoak, ikerketak edo zerbitzuak garatzen dituen enpresak eta partikularrak saritzen ditue.

Edizino parte-hartzaileena

Bosgarren edizinoa izan da orain arteko parte-hartzaileena. 71 proiektu aurkeztu dira guztira, 41 ideen modalidadean eta 30 aplikazinoen modalidadean. Guztira 9 proiektu saritu dira.

Eusko Jaurlaritzak 2024ko datu edegien sariak banatzeko ekitaldia atondu dau maiatzaren 8an goizeko 11:00etan, UPV/EHUren Bilboko Injinerutza Eskolean. Ekitaldian parte hartuko dabe, Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazino Digital eta Autogobernuko sailburuak eta Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko errektoreordeak.

Ekitaldiak datuen erabilerea eta Adimen Artifiziala bateratuko ditu, gaian adituak diran persona biren hitzaldien eta Open Datako proiektu irabazleen aurkezpenen eskutik. Carolina Sepulvedak, Microsofteko Data & AAren arduradunak, datu edegien eta AAren erabilereak zerbitzu publikoak eraldatzeko, barrikuntza bultzatzeko eta gizarte-inpaktua sortzeko dauen ahalmenaz berba egingo dau. Imanol Teránek, estrategia digitaleko aholkulariak, barriz, Adimen Artifizialaren egungo ereginaz, ahalmen eraldatzaileaz eta mahaigaineratzen dituan arrisku eta aukerez ibiliko da.

Era berean, Open Data 2024 edizinoan saritutako 9 proiektuak aurkeztuko dira ekitaldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu