Mikel Urdangarin eta 'Welcome & Sorry', MusEkintzako hurrengo hitzorduak
2025-05-02 09:58 KultureaJaialdia bagilean amaituko da, beste emonaldi bigaz.

MusEkintzaren hurrengo ekitaldia Arrantzaleen Museoan izango da, Bermeon. Halanda ze, maiatzaren 10ean, Mikel Urdangarinek kontzertu akustikoa eskainiko dau: ahots eta gitarrako errezitaldi intimoa. Kontzerturako sarrerak agortuta dagoz.
Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako MusEkintza jaialdiak jarraitzen dau Bizkaiko hainbat museotan, doban, ikuskizunez disfrutetako aukerea eskaintzen. Programazinoa gero eta gehiago aberasten da jentearentzako jarduera edegiak eskainiz foru-erakundeak kudeatutako bederatzi gunetan.
Epea daborduko edegita dago izena emoteko Ganso & Cía-ren Welcome & Sorry ikuskizunaz disfrutetako. Berton, antzerkizale bik Hamlet antzeztuko dabe, fideltasun osoz. Dozena bat artista eta teknikariren lana egin behar dabe eta Shakespeareren hizkuntzan antzeztu, talentu eta trebetasun barik, baina hori ez da eragozpen izango... Edo bai? Williamek burua altzatuko baleu... Welcome & Sorry kaleko antzerki-ikuskizuna da, teatroaren ofizioa ikusarazoten dauena klasiko handiak eta horreen inguruko estereotipoak parodiatuz. Clown formatuan antzeztutako keinu-komedia da, ikusle guztientzako. Muñatones Gazteluan egingo da, maiatzaren 31an, Muskizen, 12:00etan.
Programazinoa 2024ko zemendiaren 16an hasi zan Bilboko Arkeologia Museoan, Mikel Santiago idazleak diseinautako misteriozko joko bategaz. Sarrerak berehala agortu ziran eskainitako emonaldi bietan. Ordutik, MusEkintzak hainbat esperientzia artistiko eskaini ditu; horreetako bat, Lapiel taldearen Urargi obra interaktiboa, zezeilaren 8an emon zan Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Orobat, martiaren 15ean, A Film to Kill For aurkeztu eben El Pobaleko Burdinolan, Muskizen. Martiaren 22an, Osa+Mujika ibili ziran La Encartada Fabrika-Museoan. Apirilaren 12an, Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Eñaut Gorbeiak lantegi didaktikoa eskaini eban, eta Naita Produkzinoek, barriz, Itsas (h) ondokoak ikuskizuna.
Halanda be, MusEkintzak aurrera jarraitzen dau, Mikel Urdangarinen kontzertu akustikoagaz, maiatzaren 10ean, Arrantzaleen Museoan, eta Ganso & Cíaren Welcome & Sorry ikuskizunagaz, maiatzaren 31n, Muñatones Gazteluan, Muskizen. Gernika-Lumoko Europako Herrien Parkea izango da hurrengo agertokia, izan be, Zirkozaurre ibiliko da bagilaren 14an.
Jaialdia bagilaren 28an amaituko da, Santimamiñen (Kortezubi), Golden Apple Quarteten kontzertuagaz. Umore eta musika ikuskizun horrek zarratuko dau aurtongo edizinoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!