Asun Lopezek jasoko dau 'Durango Sari Berezia 2025'

Bizkaie! 2025-04-30 12:46   Kulturea

Herriko kulturan dauen konpromisoagaitik.

Durangok Durango Sariak banatuko ditu, udalerriko bizitea eta herriaren balioak aberasten laguntzen dabenen lana saritzeko asmoz.

Apirilaren 10ean amaitutako parte-hartze prozesuaren ondoren, saritutako personen eta erakundeen izenak argitaratu dira dagoeneko.

Durango Sariek kirola, kulturea, euskerea, bardintasuna eta gizarte lana lako esparruetan egindako dedikazinoa saritzen dabe. Ganera, herritarrek zuzenean aukeratutako sari berezia emoten da.

Ondoko honeek dira edizino honetan saritutako personak eta erakundeak:

  • Kirol arloan: Helena Barrenetxea, haren ibilbideagaitik eta tokiko kirolari egindako ekarpenagaitik.
  • Kultur arloan: Durangaldeko Artisten Alkartea, artea eta kulturea eten barik bultzatzen ditualako.
  • Gizarte arloan: Herria Auzo Alkartea, kohesino eta dinamizazino komunitarioko lanagaitik.
  • Euskerearen sustapenean: Durangoko Azokea, euskerearen alde eta sustapenean erreferentea dalako.
  • Bardintasunaren sustapenean: Tabirako Saskibaloi Taldea, kirolean bardintasunaren aldeko jarrereagaitik.

Ganera, herritarren botuei esker, Urrike liburu-dendako Asun Lopezek jaso dau Durango Sari Berezia. Danetara, 306 boto izan ditu.

Sari banaketea maiatzaren 8an izango da, arratsaldeko 19:00retan, San Agustin Kultur Gunean. Ekitaldira joateko konbidapenak Durangoko Arte eta Historia Museoan jaso ahal izango dira gaurtik aurrera.

Durangoko Udalak herritar guztien inplikazinoa eskertu nahi dau, baita zorionak emon saritutako persona eta kolektiboei be: espiritu durangarraren benetako erreferenteak dira-eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu