Azkuna Zentroak Chiharu Shiotaren 'My House is your House' aurkeztu dau

Bizkaie! 2025-04-30 09:31   Kulturea

Maiatzaren 27an zabalduko da artista japoniarraren erakusketea.

Artistearen lehen erakusketa monografikoa da Euskadin. Lanazko hariakaz egindako instalazino monumentalakaitik da ezaguna eta bere egiturek mundu poetiko eta onirikoan sartzea gura izaten dau japoniarrak. Chiharu Shiotak eguneroko bizitzako elementuetatik abiatuta ulertzen dau bere obrea, besteak beste, gomutak eta topautako edo erabilten ez diran objektuak.

Tereza de Arruda artearen historialaria komisario dauen erakusketan kolore gorriak eta eskala monumentalak Azkuna Zentroko Kulturen Ataria eta Erakusketa Aretoa lotzen ditue, hasieratik inoiz erakutsi ez diran azken instalazinoak tarteko dirala. Erakusketa honetarako Chiharu Shiotak etxea kontzeptua landu dau, etxeko esparrua espazio publikora zabalduz, Bilboko Alondegiaren arkitektureagaz buztartuz. Emoitzeak, site-specific legez, bisitaria bere gomutakaz konektetan daben etxeko giroagaz esperimentetea gura dau artisteak, eguneroko bizitzako elementuetatik abiatuta.

Horrezaz gan, artisteak esku hartzea proponidu eta konbita egiten deutse herritarrei gutun edo marrazki bat bialdu deien, euren ikuspegitik etxeak dauen esangurea deskribiduta. Jarduerearen oinarria gutun bat idaztea edo marrazki bat egitea da, etxeari buruzko pentsamenduak konpartiduta. Materiala Azkuna Zentroan datorren maiatzaren 1era arte instalautako postontzian bertan itxita parte hartu leikie.

Online be egin daiteke: erretratu bat egin gutunari edo marrazkiari, edo eskaneau eta bialdu info@azkunazentroa.eus helbidera, maiatzaren 1a baino lehen, gaian Chiharu Shiota Gutuna adierazoz. Jasotako eskutitzak eta marrazkiak instalazino artistiko baten parte izango dira.

Erakusketea Prototipoak Bilbao, Forma Artistiko Barrien Nazinoarteko Bienalean kokatzen da, 2025eko maiatzaren 27tik 31ra Azkuna Zentroan egingo dana, eta zentroan jarraituko dau irailaren 28ra arte.

My House is your House

2025eko maiatzaren 27tik irailaren 28ra egongo da zabalik, martitzenetik domekara, 11:00etatik 20:00etara. Sartzea doban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu