Lekitto Musika Bandeak agur
2025-04-30 08:48 MusikeaEskerrik asko, Urtzi Iriondo, eskerrik asko, Lekitto Musika Bandea.

Lekitto Musika Banda lakorik ez da erreza izango topetea. Ez da zuzendariaren meritua bakarrik, ezelan be ez. Lekeitiok musikeagaz dauen loturea oso aspalditik dator, harrigarria da zenbat musikari batzen diran herri bakarrean eta zenbat musikari on. Musikearen aurreko zaletasuna oso errotuta dago herrian, era eta molde askotakoak dira musikeari lotutako artista lekittarrak.
Aurreko zuzendariak, Miguel Arrietak, egindako lan bikainari jarraipena emoteko hartu eban zuzendari batutea Urtzi Iriondok 2006an. Sekulako fitxajea izan zan. Urtzi Iriondok maila gorenera eroan dau Lekitto Musika Bandea, bandakideen ahaleginagaz eta bandalagunen konplizidadeaga batera.
Bikainak dira haren eskutik bultzatutako ekimen ezberdinak, guztiek dutelako helburu bat: kalitaterik handiena.
Ibilbide hori eten egin da. Preminazkoa begitantzen jaku ondo egindakoa goraipatzea eta esker ona agertzea.
Gogoratu daigun azken hamarkada bi honeetan Lekitto Musika Bandea aurrendaria izan dala musikagintzan: euskal kulturea eta musika klasikoa buztartzen erakutsitako trebezia gozau ahal izan dogu, esaterako, udaroko formatu handiko ekitaldietan: Bertso-band, Ttakun band, Delirium TBand, Dantza band, Euskal Kanta Band...
Euskal Kulturearen unibersoko eragile handiakaz alkarlanean sortuak, besteak beste, Jon Maia, Amets Arzallus, Oreka Tx, Andoni Delirium, Andoni Aresti, Miren Agur Meabe, Edu Muramendiaraz, Miren Narbaiza eta Donostiako Orfeoia. Esperientzia barritzailea eta erreferentziala, duda barik.
Hori gitxi balitz, abuzturo Gau Magikoa erregaletan euskun eta hor Gorka Benitez saxofonistea gidari lanetan ibilten zan, jazz munduko hainbat musikagile bikain ibili dira proiektu horretan.
Oraintsu Nolatu sortu eban. Lekeitio New Orleans bihurtu eben aste oso batez. Ikusgarria!
Lekitto Musika Bandea hamaika hilebetez ibilten zan herriari soinu-bandea jarten, kalejirak, kontzertu bereziak, plazako jantzaldiak, jaiak...
Euskerea izan dabe eguneroko hizkuntza. Euskeraz sortu dabe, euskeraz komunikau dabe eta euskera unibersoa izan dabe ikusmiran. Dana egin dabe euskeraz. Arnasgune izan dira, ezinbesteko euskal kulturan sinisten dogunontzat.
Herriko hogeita hamarretik gora gazte eta ez horren gazteren musika sormengunea eta musikeari gaitasuna jorratzeko gunea be izan da bandea. Kalidadea jagonez, beti be. Bigarrenez aitatzen dugu kalidadeak dauen garrantzia azpimarratu nahi dogulako.
Kalidadeaz gabizenean, ezinbestean exijentzia nabarmendu behar da. Lana, diziplinea, estutasuna, olgetarako denpora urria, gainerakoei, herrikideei, plazerrez betetako esperientzia eskaintzeko.
Ez daigun plazerra gitxietsi. Plazerra da gure bihotzetan, gure gogoan, talde identidadea txertatzeko gakoa. Eta plazerrak mailea eskatzen dau. Ederto baten erakutsi deusku hori Urtzi Iriondok eta bandako gainerako artista handiek. Biba zuek!
Sinatzaileak: Jokin Oregi, Imanol Agirre, Oreka Tx, Unai Egia, Miren Agur Meabe, Andoni Aresti, Gorka Benitez, Juan Diego, Mikel Martinez, Mikel Urkijo, Andoni Basterretxea, Gorka Hermosa eta Edu Muramendiaraz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!