XIX. Getxophoto Nazinoarteko Irudi Jaialdia aurkeztu dabe gaur
2025-04-29 13:33 KultureaJaialdia maiatzaren 29tik bagilaren 22ra izango da Getxon.

Orain urte bi Pausa botoia sakatu genduan, hurrengoan Play eta aurten Rec sakatuko dogu, trilogiari amaierea emango deutson gaia. Rec gure gailuetan edozein eduki mueta behin eta barriro erregistreteak modu konpulsiboan bilatzen dogun botoi hori da. Gaia, beti bezela, adiera zabaletik jorratzen da, irudien gainprodukzinoa, teknologien etenbako bilakaerea, artxiboa edo memoria lako alderdiak landuz.
María Ptqk, ikertzaile kulturala eta komisario independentea, izango da edizino honetako zuzendaritza artistikoaren arduraduna. Urtero legez, Jaialdiak nazinoarteko artista ospetsuak izango ditu eta euren lanak uriko kaleetan konpartiduko ditue. Edizino honetan, Yevonde, John Divola, Sabiha Çimen, Arno Gisinger edo José Ramón Ais lako artisten proiektuak erakutsiko dira, beste 20 artista ingururenakaz batera.
Jaialdiak hartuko dituan 20 proiektuen artean, aitagarria da Yevonde argazkilari britainiarraren lana, kolorearen erabileran aurrenaria. Erresuma Batuko lehen mobimentu feministakaz lotutako sufragista honek koloretako argazkigintzea defendidu eban akademia britainiarraren jarrera konserbadorearen aurrean. Inpresino bakotxa esperimentu bat da, koloretako argazkiak ez baiatau tradizinorik, etorkizuna baino.
José Ramón Ais bilbotarrak Parque Natural proiektua erakutsiko dau Jaialdiaren gune ikonikoenetako batean: Ereagako lorategietan, hain zuzen be. Irudiz osotutako seriea, baliabide digitalez sortutako parke natural batek izan behar dauen itxurearen idea estereotipatu batean oinarrituta dago –mendi tontor akatsik bakoa, ur-jauzia dauen laku bukolikoa, palmondoz inguratutako ilunabar klasikoa–. Parke naturalaren kontzeptua bera kritiketan dau, enklabe idiliko legez ulertuta, ingurumen-errealidadearekin zerikusi gitxi dauena.
Informazino gehiago eta egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!