Bilbao Izan
2025-04-29 08:00 KultureaMaiatzean uriko auzoetako ondare eta historiara hurreratzeko.

Bilbao Izan batez be tokiko biztanleentzako da baina uria bisitetan dabenentzako eta uribilduaren ezagutzan sakondu nahi daben guztientzako be bada.
Trenbidea Bilbotik jarraituz goiburuari eutsiz, aurten bisita gidatuek Ametzola (maiatza), San Adrian (bagila) eta Abusu (garagarrila) auzoetatik igaroten dan trenbidearen balioa goraipatuko dabe. Deustu, Deustuko Erriberea, Arangoiti, Ibarrekolanda, Sarriko, San Inazio eta Elorrietako historia zabaltzeko ikus-entzunezko materialen proiekzinoa egingo da San Inazio-Ibarrekolandako Udaltegian.
Uda ostean, Txio Ta Txioren bideo laburrak zabalduko dira, Bilboko eskolei eskainiak, eta Argazkineta proiektua jarriko da martxan, oraingoan San Adrian auzoan.
Bilboko Udalak Bilbao Izan programea jarri dau martxan.
Bisita gidatuak
Maiatzean, bagilean eta garagarrilean bisita gidatuak aire zabalean izango dira, oinez eta doban, ordu eta erdiko iraupena izango dabe gitxi gorabehera, ibilbide atsegin eta irisgarriagaz eta parte-hartzaileek eduki historikoak modu atsegin eta argigarrian planteauko dituan gida bat izango dabe eskuragarri. Maiatzaren 7tik bagilaren 1era, ibilbideak Ametzolan egingo dira, bagilaren 4tik 29ra San Adrianen eta garagarrilean Abusun.
Euskerazko taldeak eta gaztelaniazkoak atonduko ditue eta auzo bakotxeko bisita-talde batek zeinu-berbakerearen interpretea izango dau; jarduerotan, erradiogida bana emongo jako parte-hartzaile bakotxari eta, beraz, izena emon daben personak alkargunera joateko eskatzen jake, hasiera-ordua baino 10 minutu lehenago. Ekimen honetan parte hartu ahal izateko, aldez aurretik plazea erreserbau beharko da www.bilbaoizan.eus webgunean. Gainera, izena emon eta bertaratu aurretik kontuan hartu beharreko informazino guztia webgune horretan bertan egongo da.
Lehenengo aste bietan Ametzolako bisita gidatuetan parte hartu nahi dabenek maiatzaren 5etik aurrera emon ahal izango dabe izena, 9:00etatik aurrera. Bigarren hamabostaldirako, izena emoteko epea maiatzaren 19an hasiko da, goizeko 9:00ean.
Auzoen historia irudietan
Deustu, Deustuko Erriberea, Arangoiti, Ibarrekolanda, Sarriko, San Inazio eta Elorrieta auzoetan oinarritzen da Ezagutu daigun gure auzoen historia irudietan ekimena; horren bidez, telebista-pantaila bat jarriko da San Inazio - Ibarrekolanda Udaltegian. Bertan aitatu lekuetako historian sakontzeko argazkiak eta ikus-entzunezko lanak erakutsiko dira.
Ikus-entzunezko materiala 2020an Argazkineta proiektuaren garapenean berreskuratutako argazkietatik dator, Deustu: sentimendu baten jatorria lanetik eta 2020an eta 2024an Txio Ta Txio proiektuaren esparruan landutako bideo laburretatik (anexinoak).
Bideoak San Inazio - Ibarrekolanda Udaltegian ikusi ahal izango dira maiatzaren 5etik bagilaren 28ra, astelehenetik zapatura, goizez eta arratsaldez, sarrera libreagaz.
Txio Ta Txio eta Argazkineta, udagoienean
Irailean Txio Ta Txio bideoen beste edizino bat hasiko da, aurten Bilboko eskolen eta joaneko hezkuntzearen inguruan. Hori dala eta, udaleko sare sozialen bidez, gai honi buruzko pasadizo txikiak, datu ezezagunak, personaia aitagarriak eta istorio bitxiak ezagutzera emongo ditue, formatu erraz eta atseginean, erraz ikusi eta konpartiduteko moduan. Gainera, aurreko urteetako Txio Ta Txio bildumak barriro ikusi nahi dituen guztiek Bilbao Kulturaren Youtubeko kanalaren bidez eskuratu ahal izango ditue.
Udagoienean hasiko da Argazkineta proiektuaren zazpigarren edizinoa; oraingo honetan San Adrian auzoan oinarrituko da. Bilboko auzoetan produzidutako oroigarrien eta material dokumentalaren batuketa selektiboa egingo da barriro. Azkenik, parte-hartzaileentzat eta, oro har, herritarrentzako ekitaldi parte-hartzaile, publiko eta edegian, proiektu hau jorratzen dan hilebeteetan batutako dokumentu, argazki zahar eta testigantzen bideo asko erakutsiko dira.
Bilbao Izan
Ekimen horreek guztiak Bilbao Izan proiektuaren parte dira eta proiektuon izenean, Udalak Bilboren funtsa dana zabaltzeko programa guztiak batzen ditu: haren ibilbide historikoa, bere altxorrak, persona ospetsuek itxi daben errastua, ondare artistikoa, uri-konfigurazinoa, auzo bakotxaren historia berezia, kaleak eta txoko enblematikoenak eta bestelakoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!