Zu Bai Artista Talentu Lehiaketan 67 lagunek parte hartuko dabe
2025-04-28 09:48 KultureaEkitaldia maiatzaren 9an izango da, 18:00etan.

Barakaldoko Udaleko Gazteria Sailak, Giltzarri zerbitzuaren bitartez, Zu Bai Artista atondu dau 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat; danetara, 67 personak hartuko dabe parte. Ekitaldia, maiatzaren 9an, 18:00etan, Gurutzetako Zentro Zibikoan izango da.
Jonathan Martinek, Gazteria zinegotziak, adierazo dauanez: oso parte-hartze ona da eta pozik gagoz. Nerabeak, sortzaileak, aktiboak eta gizartean ekarpen handia egiten daben personak dira. Horren erakusgarri da, urtero, Barakaldoko 40 neska-mutilek baino gehiagok osotzen dituela Giltzarriko gazte-taldeak, hainbat arte eta sormen-diziplina aztertuz, besteak beste: jantzea, musikea, sorkuntza digitala, antzerkia edo eskulanak.
Lehiaketa horren helburua nerabeen ahalmen artistikoak eta eszenikoak indartzea eta ikusarazotea da, baita talde-lana, sorkuntza kolektiboa eta gazteen parte-hartzea sustatzea be.
500 euro saritan
Datorren maiatzaren 9an proposamen artistikoen entzunaldia egingo da. Proposamen horreek hainbat kategoria eszenikotan zentrau daitekez, formatu librekoak eta gehienez 3 minutuko iraupena dabenak. Epaimahaia hainbat arte eta hezkuntza-eremutako gazteek osotuko dabe, eta, besteak beste, kalidade artistikoko eta interpretazinoko erispideak, erabilera eszenikoa, originaltasuna, mezuak edo euskerearen erabilerea aztertuko ditue.
Gazteria Zerbitzuak 500 euroko txartelak emongo ditu, jarduera onenen prestakuntza artistikoari laguntzeko, materiala erosiz edo hainbat arte-diziplinatan ikastaroak eginez. Sariak holan banatuko dira: 250 euro lehen postuari, 150 euro bigarrenari eta 100 euro hirugarrenari. Taldean edo banaka parte hartu daiteke.
Ikuskizuna
Gehienez, 250 personak disfrutau ahal izango dabe ikusizunagaz, Gurutzetako Zentro Zibikoan. Sarrerak, doban izan arren, aldez aurretik eskuratu behar dira maiatzaren 5a baino lehen topaleku bitan, Gurutzetan eta Anaien CISen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!