6.500 lagunek bisitau dabe Gaztelugatxeko San Juan Aste Santuko jaiegunetan

Bizkaie! 2025-04-28 08:22   Kulturea

Bizkaiko Foru Aldundiak batutako datuen arabera.

Apirilaren 17tik 21era bitartean, bisitari gehien (1.439) zapatuan izan zan eta ondoren, Eguen Santuan (1.403) eta Bariku Santuan (1.382).

Gaztelugatxe Natura Monumentuak (lehen biotopo babestu legez sailkatua) 6.500 bisitari jaso ditu apirilaren 17tik 21era, hau da, Aste Santuko lehenengo jaiegunetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren datuen arabera. Egun horreetan, bisitak arautzeko, aldez aurreko erreserba-sistemea, sarbideen kontrola eta ticketing digitala erabili dira, izan be, sistema horreek bisita-kopurua mugatu eta Gaztelugatxez gozetea ingurumen-babesagaz bateragarria izateko jarri dira. Gaztelugatxek gehienez be 1.462 bisitari jaso leikez eguneko. Kopuru hori Bizkaiko Foru Aldundiak ezarri dau, Europarcen (kontinente osoan eremu babestuak kudeatzen dituen erakundeen Europako antolakundea) txostenetan oinarrituta.

Foru-erakundeak jasotako datuen arabera, natura monumentu horretako bisitari gehienak Estaduko beste leku batzuetakoak ziran (% 72,7). Bisitarien % 22,29 EAEkoa zan eta gainerako % 10 beste herrialde batzuetakoa, besteak beste, Frantzia, Italia, Alemania, Argentina, Kolonbia, AEB, Erresuma Batua, Eslovenia eta Uruguai. Bestalde, bisitarien edade kontuan hartuta, talderik handiena (% 39,70) 16 eta 35 urte bitartekoena zan; bigarrena (% 35,05) 36 eta 55 urte bitartekoena, eta azkenik, 56 urtetik gorakoak % 25,25 izan dira.

Jaiegunetan, ingurumen-zaindarien zerbitzua natura monumentu hori babesteko lanean ibili da, natura ingurunean kalteak eragin leikiezan jokabideei aurre egiteko (esaterako, droneen erabilerea). Zerbitzu horrek oporraldia amaitu arte jarraituko dau lanean.

Azken buruan, nabarmendu behar da datu horrek Gaztelugatxe Natura Monumentuko bisita-ordutegi kontrolatuaren barruan egindako bisitei buruzkoak dirala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu