Markina-Xemein eta Etxebarria arteko bidegorria egiteko proiektua onartu dabe
2025-04-25 12:47 KultureaObreak 4,8 miloe euroko aurrekontua dauka.

Bizkaiko Foru Aldundiak, azken gobernu-konsejuan, beste bidegorri bat eregiteko proiektua onartu dau, halanda ze, Markina-Xemein eta Etxebarria lotuko ditu. Babestutako bizikleta-erreia, Bizkaiko Lurraldeko Bizikleta Bideen Plan Sektorialaren Artibai-L6 lineako R 6.2 adarrari jagoko. 1,3 kilometro luzeera izango dau.
Bizikleta-bidea BI-2636 errepidearen paraleloan izango da; hori bai, segurtasun-hesi fisikoa izango dau. Bidegorriak guztira 3,5 metroko zabalerea izango dau, holan banatuta: errei bi, bakotxa 1,75 metrokoa. Ganera, 0,3 metro gehiago izango ditu, babes-elementuak instaletako eta zoladurearen akaberea hobetzeko.
Aukerabide seguru eta jasangarria izango da Markina-Xemein eta Etxebarria arteko distantzia labur eta ertaineko joan-etorrietarako. Aisialdi edo kirol-azpiegitura izateaz gan, benetako mobikortasun aktiborako azpiegitura be izango da herritar guztientzat.
Horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera jarraitzen dau Europar Batasunak berotegi-efektuko gas-emisinoak murrizteko ezarritako helburuakaz bat eginez. Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkairako Energia Iraunkorreko Estrategia 2030aren esparruko proiektua da, gure lurraldean mobikortasun garbiago eta eraginkorragoa sustatzeko.
Bidegorria Munibe jauregiaren portalean hasiko da, Markina-Xemeingo urteeran. Handik, BI-2636 errepidearen eskuinaldea hartuta, Nemak industrialdeko sarbideraino helduko da (Etxebarri).
Obreak 4,8 miloe euroko aurrekontua dauka eta hamabost hilebeteko gauzatze-epea aurreikusten da.
Bizkaiko Lurraldeko Bizikleta Bideen Plan Sektoriala
Bizkaiko Lurraldeko Bizikleta Bideen Plan Sektorialeko (BLBBPS) planaren helburu-sarea (PXS) guztira 365,5 kilometroko luzeera da eta bost linea nagusi eta bigarren mailako hogei linea ditu.
Linea nagusiak, danetara 123,8 kilometro luzeerea dauka eta lurralde historikoko lurralde-ardatz nagusietan dagoz atonduta:
- L1: Nerbioi-Ibaizabal, Arratia, Durangaldea (42,7 km).
- L2: Txorierri-Mungialdea (18,6 km).
- L3: Eskuinaldea-Uribe Kosta (18,1 km).
- L4: Ezkerraldea-Meatzaldea-Enkarterri (24,9 km).
- L7: Bilbao (19,4 km).
Egitura horri beste ardatz estrategiko bat gehitu jako, batez be, eskualde honeek lotzeko:
- L5: Urdaibai.
- L6: Artibai, Gipuzkoako Bizikleta Sareagaz lotzen dana (Ondarroa-Mutriku).
Bigarren mailako linea horreek guztira 241,7 kilometro luzeerea dabe eta funtsezkoak dira lurraldea konektetako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!