Sustabiz Fundazinoak 'Gure Kirolak Sustatzen' programea aurkeztu dau

Bizkaie! 2025-04-25 07:46   Kulturea

Helburua da belaunaldi barrien artean kirol kultura autoktonoa sustatzea.

Herri Kirolak, Euskal Pelotea eta Arrauna sustatzeko Sustabiz Fundazinoak, Gure Kirolak Sustatzen programea aurkeztu dau. Programa horrek aurreko edizinoetan erantzun bikaina izan dau eta herri kirolen, euskal pelotearen eta arraunaren inguruko topaketa parte-hartzaileak atontzen ditu 6 eta 14 urte bitarteko neska-mutileei zuzenduta. Programeak barruan hartzen dau herri-kirolak egitea, parte-hartzaileen edadeari egokitutako materialakaz eta araudiagaz, eta batez be inpliketan ditu eskualdeko udalak, ikastetxeak eta familiak. Ganera, goi mailako Herri Kirolariak, arraunlariak eta pelotariak be ibiliko dira.

Helburu nagusia Euskal Pelotea, Arrauna eta Herri Kirolak sustatzea da, batez be belaunaldi barrien artean, baina anbizino handiagoagaz; Busturialdeko herrien arteko kohesinoa, koordinazinoa eta inplikazinoa, Sustabiz Fundazinoak Gernika-Lumon dauka haren egoitzea, kirol tradizinonalen inguruan; gazteek euskal kulturea eta kirola barruratu deiezan laguntzea, jaialdiak herri kirolen, arraunaren eta euskal pelotearen bidez gizarte alkargune bihurtzea, ikastetxeetan Herri Kirolaren sustapena bultzatzea eta kirolarien, gurasoen eta bertaratuen arteko hartu-emonak sendotzea dira proiektuaren helburuetako batzuk.

Proiektuan laguntzen dauen erakundea, BBK Fundazinoa, helburu horregaz bat dator. Koldo Bilbao BBK Gizarte Ekintzako kultura arduradunak ondokoa nabarmendu dau: BBK Banku Fundazinoak Herri Kirolak babestu eta gazteak kirol horreetara erakarteagaz bat egiten dau.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Kiroletako Zuzendari Nagusia, Carlos Sergiok, Sustabiz Fundazinoaren lan garrantzitsua azpimarratu dau: Bizkaiko Foru Aldundiak positibotzat joten dau Sustabiz Fundazinoak egiten dauen lana. Haren inplikazinoari esker, modalidadeak gure gazteen lehen kirol-jarduera bihurtzen dabiz, belaunaldi-erreleboa bermatuz eta denporan irauteko oinarriak ezarriz. Geure kirol-ondarea jagoteko eta sustatzeko aparteko eredua.

Joseba Etxebarria Sustabiz Fundazinoko zuzendariak ondokoa nabarmendu dau: Sustabiz Fundazinoko ibilbidearen hirugarren urtea da eta aurrikuspenak % 100 beteten gagoz. Sustabiz Fundazinoa lan handia egiten dabil, Europako AEJeST Kirol Tradizinonalen Europako Alkartean sartuz. Berton, Europako 17 herrialdetako federazinoak, fundazinoak eta alkarteak dagoz. AEJeSTko kide izatea harro egoteko modukoa da, izan be, guretzako Europa mailako beste alkarte batzuekaz hartu-emonetan egotea da eta sustapen, ikerketa eta Erasmus+ proiektuak martxan jarteko aukerea be emoten deusku. Maila horretako lankidetzeak esperientzia, ikaskuntza-prozesua eta beste maila bateko hartu-emonak ekarriko deutsoz Fundazinoari.

Jesus Manuel Madariaga Sustabiz Fundazinoko presidenteak, barriz, ondokoa nabarmendu dau: garrantzitsuak izan dira Busturialdeko udalakaz egindako aliantzak. Lau urterako hitzarmenak dira, Urdaibai Gure Kirolak Sustatzen proiektuaren barruan herri kirolak, euskal pelota eta arrauna sustatzeko. Sustabiz Fundazinoak eskerrak emoten deutsee proiektu horretan laguntzen deuskuen udalei eta eragile publiko eta pribatu guztiei. Konpromisoa guztiona da gure kirolen sustapenaren alde lan egiteko.

Sustabiz Fundazinoaren proiektu globalaren helburuen artean, azpimarratzekoa da euskal gizartea kohesinotea, koordinetea eta hartu deiela Herri Kirolak, Euskal Pelota eta Arraunketea sustatzeko, batez be gazteenen artean.

Entrenamendu zentro barria

Sustabizen entrenamenduak Gernika-Lumoko Santanape Kiroldegian egiten dira. Berton herri kiroletarako egokitutako gelea daukate. Entrenau gura daben erabiltzaileek 35,5 €-ko kuota ordaindu beharko dabe hilero. Kuota horrek Herri Kirolen entrenamendu personalizatua (asteburuetako jardunaldien atonketea) eta Herri Kirolen zentroko fitness gunerako sarrera mugabakoa barruan hartzen ditu.

Arkupe Sustabiz Kirol Alkarteagaz, kide izan barik, astean egun bitan entrenamendu personalizatua egiteko aukerea dago, hilean 45,5€-ko kuotagaz (erreserbau egin beharko da hemen). Ganera, Herri Kirolen eskaintzea Gernika-Lumoko Udal Kirol Patronatuaren kirol-eskaintzearen barruan dago.



Kokapen barri horretatik oso gertu, entrenamendurako beste gune bat be jarri da Gernikako Institutuaren instalazinoetan. Sustabiz Fundazinoak hitzarmena sinatu dau Gernikako Institutuagaz, herri kirolak heziketa-ziklo bietako (DBH eta Batxilergoa) ikasleen gorputz-hezkuntzean txertatzeko.

2024an, Sustabizek euskal kirol tradizinonala sustatzeko egin dauen lan praktikoaren eta kudeaketearen ondorioz, lankidetza-hitzarmena sinatu da Deustuko Unibersidadeagaz (Bilbo), Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Graduko (JFKZG) ikasleen artean herri kirolak, pelotea eta arrauna prestatu eta sustatzeko.

Entrenamendu pertsonalizatua

Ganera, Sustabiz Fundazinoak lankidetza-hitzarmena sinatu dau Baiegene enpreseagaz (kalidadezko entrenamendumendu personalizatua eta hainbat zerbitzu lantzen dauen enpresea). Akordio horren bidez, Arkupe Sustabiz Kirol Alkarteko kideek, Herri Kiroletako eta esku pelotako diziplinetako entrenamenduez gan, entrenamendu fisikoa izateko aukerea izango dabe. Horretarako, fitnesserako berariazko material eta aparatuekaz osotu da zentroa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu