Digitalizazinoak erantzun erregulatzailea eskatzen dau

Bizkaie! 2025-04-24 09:59   Kulturea

UJI eta UPV/EHUren ikerketearen arabera

Argazkia: UPV/EHU. | Ikusi handiago | Argazki originala

Jessica Izquierdo Jaume I Unibersidadeko irakasleak eta Juan Carlos Miguel de Bustos UPV/EHUko irakasleak Communication, media and internet concentration in Spain, 2019-2022 txostena egin dabe Espainiako kontzentrazino mediatikoari eta internetari buruz. Azterketa Global Media International Project (GMICP) ikerketa-proiektuaren barruan dago eta bistan ixten dau media eta telekomunikazino-industriak % 6,04 egin dauela gora, batez be streaming plataformen, online publizitatearen eta bideo-jokoen hazkunde azkarrak bultzauta. Beste sektore tradizionalago batzuek, esaterako prentsak, irratiak eta telebistak, geldialdian eta gainbeheran dagoz.

Txostenak azpimarratzen dauenez, Espainiako telekomunikazinoen eta plataforma digitalen sektoreko kontzentrazino handiak lehiarako eta aniztasun mediatikorako erronkak planteatzen ditu, erantzun erregulatzailea eskatuz: digitalizazinoak aukera ekonomiko barriak edegi ditu, baina, era berean, desbardintasunak sortuz funtsezko azpiegituretarako sarbidean, esaterako zuntz optikorako sarbidean, Espainiako etxeen % 85ean instalatua dagoan arren, oraindino be arrakalak ditu landa-eremu batzuetan.

Online bideo-zerbitzuek hazkunde esponentziala izan dabe, % 189,1ekoa 2019tik 2022ra. Publizitate digitala % 49,5, bideo-jokoak % 36 eta lineako musikea % 24,2 handitu dira. Erabiltzaileen lehentasunak merkatua birdefinidu dau, Netflix, Amazon Prime Video eta Disney+ lako erraldoien posizinoa sendotuz.

Aldiz, telekomunikazinoen sektore tradizionalek lekua galdu dabe: hari bako zerbitzuengatiko diru-sarrerak % 11,7 jaitsi ziran eta linea finkokoak, barriz, % 28,7. Segmentu horren barruko salbuespen bakarra Interneteko hornitzaileen % 12,4ko hazkundea da, konexino azkarragoen eskariak bultzatuta.

Dibertsifikazino digitala izan arren, txostenak ohartarazo dau merkatu-kontzentrazinoak handiak izaten jarraitzen dauela funtsezko sektoreetan. Telebista linealak, eraldatzen dabiz; Mediaset, Atresmedia eta RTVE buru dituan oligopolioagaz. Prentsan, Vocento, Unidad Editorial eta Prisa taldeak nagusi dira hedabideen panoraman, eta irratia, barriz, Prisa (Cadena SER) eta Ábside Media (COPE) konglomeratuek kontroletan dabe.

Interneten sektorean, Google eta Meta teknologia handiek boterea batzen jarraitzen dabe funtsezko arloetan, esaterako publizidade digitalean eta sare sozialetan. Era berean, telekomunikazinoen merkatuan Telefónica, Orange, Vodafone eta MásMóvil dira nagusi eta horreen fusinoak sektoreko lehia berrantolatu dau 2024an.

Ikerketak ondorioztetan dauenez, Espainiako industria mediatikoaren etorkizuna barrikuntza eta lehia orekatzeko dauen gaitasunaren araberakoa izango da, aro digitalean ekosistema ugaria eta etenbakoa bermatuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu