Azkuna Zentroak 'Kids´ Guernica' proiektua aurkeztu dau
2025-04-23 12:46 KultureaUkraniako eta Japoniako umeek margotutako mural bi.

Kids’ Guernica, mundu osoko umeen artean bakearen kulturea sustatzen dauen proiektu artistiko kulturala aurkeztu da gaur, hilak 23, Azkuna Zentroa - Alhondiga Bilbaoko Kulturen Atarian. Erakusketea, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak atondu dabe eta Ukrainako eta Japoniako neska-mutilek margotutako horma-irudi bik osotzen dabe. Erakusketea, apirilaren 26an Gernikako bonbardaketearen akorduan kokatzen da.
Kids’ Guernicak artea sustatzen dau, adierazoteko eta adiskidetzeko tresna bezela. Bakearen aldeko horma-irudi horreetarako inspirazinoa Pablo Picassoren Guernica margolan unibersaletik sortu zan. Ondare artistiko horretatik abiatuta, mundu osoko umeek sortzen ditue lan kolektibo horreek, bake eta alkartasun globaleko mezua helarazoz.
Bilbon, apirilaren 27ra arte, erakutsiko ditue gerrea jasatea zer dan ondo dakiten komunidade bik: Japonia eta Ukraina.
All children 's dreams in one word Peace murala 2024an margotu eben Irpineko Ekonomia Fakultadeko ikasleek, Ukrainan, errusiarren inbasinoak gehien zigortu eban urietako bat. Obra kolektibo horren bidez, jasaten dabizen suntsipenagaitik eta sarraskiengaitik sentiduten daben mina eta bakea ahalik eta lasterren heltzeko nahia erakusten dabe.
Ondoan Kayoko Sakura III Project ikus leiteke, Himi Bigarren Hezkuntzako ikasleek 2023an Nagasaki uri japoniarraren inguruan sortutako murala. Urtero, bonba atomikoaren biktima dan Kayoko Hayashiren kereizondoaren kimuak banatzen ditue munduan zehar. Lore-petaloen, eskuen errastuen eta banderen bidez, Gernikak eta Nagasakik, jakinduriaz eta ausardiaz, uri baketsu eta zoriontsuak euren hondakinetatik sortzen jakin dabela adierazoz.
Erakusketa horren aurkezpenean Itziar Urtasun, Bardintasun eta Jaietako zinegotzia eta Bilboko Udaleko Kultura Saileko albokoa, hartu dau parte: bakea alkarrizketearen, alkar ulertzearen eta lankidetzearen bidez soilik heldu leikeen Giza Eskubide eztabaidatuezina da. Uste dot horma-irudi horreek sortu dituen neska-mutilek maisutasunez egin dabela. Ganera, Iñigo Urkullu Lehendakari ohia izan da aurkezpenean.
Minoru Watanabe ekimenaren sustatzaileak be parte hartu dau ekitaldian eta ondokoa adierazo dau: Gernikako genozidinoaz geroztik, gizateriak akats asko egin ditu historiatik ikasi gabe, Hiroshima eta Nagasakirenak kasu. Ganera, sarraski masiboek mundu osoan jarraitzen dabe. Gerrarik gabeko etorkizuna sortzeko, bakean eta zoriontasunean, personek alkar maitatu eta alkarri laguntzeko. Hori da Kids’ Guernica proiektuaren mezua.
Gontzal Rodriguez Agudoren musika kontzertuagaz amaitu da aurkezpena. Musikari bizkaitarrak hainbat kantu jo ditu Hiroshiman bonba atomikotik bizirik atera zan eta Minoru Watanabek Bilbora eroan dauen biolin batean.
Kids’ Guernica
Kids’ Guernica 1995ean sortutako gobernuz kanpoko erakundea da, Toshifumi Abe, Tadashi Yasuda eta Kaoru Mizuguchi japoniarrek eta Tom Anderson estatubatuarrak sortua, Hiroshimako bonbearen 50. urteurrena dala-eta. Umeen artean bakearen kultura sustatzeko helburuagaz, proiektuak mundua zeharkatzen dau indarkeriaren eragina jasan daben herrialdeak bisitatuz.
Orain arte, 50 herrialdetako umeek mila horma-irudi inguru sortu ditue. Urtero, hainbat herrialdetan, erakusketak atontzen dira horma-irudi horreek erakusteko eta bakearen eta alkartasun globalaren mezua sustatzeko. Ekimenak gatazkek ikututako komunidadeak batzen ditu, artea adierazpide eta adiskidetze tresna bezela sustatuz.
Minoru Watanabe
Minoru Watanabek urtero bisitetan dau Gernika. Paristik Kenzo Takadagaz hasi zan lanean 2011ko Japoniako Ekialdeko Lurrikara Handiaren osteko hondamendiak kaltetutako eremuak animetako. Geroztik, Kids’ Guernica horren produkzinoan parte hartu dau Frantzian, Espainian, Italian, Ukrainan, Taiwanen, Nepalen eta Fujinomin, gerrarik bako gizarte batean umeentzako etorkizuna bermatzeko lanean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!