Martxan da 42. Julene Azpeitia Literatur Lehiaketea

Bizkaie! 2025-04-23 08:18   Kulturea

Interesdunek euren lanak apirilaren 30era arte bialdu ahal izango ditue.

Aurreko urteko irabazleak. | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangoko Udalak, Euskera Sailaren bitartez, Julene Azpeitia Lehiaketearen 42. edizinorako deialdia martxan jarri dau, herriko gazte eta helduen artean euskerazko sormena sustatzen dauen literatura lehiaketea. 1983az geroztik urtero atontzen dan lehiaketak euskeraz idazteko zaletasuna sustatzea eta literatura-talentua bultzatzea dau helburu, ipuin, olerki eta bertso lako lanen bidez.

Julene Azpeitiari autortzea

Lehiaketak Julene Azpeitia autortzen dau, euskal literaturean erreferente izan dan idazlea. Herritarrek euskararekiko hartu-emonak sendotzeko eta sormen literarioa adierazoteko aukera parebakoa da.

Modalidadeak eta parte-hartzeko baldintzak

Lehiaketea hainbat kategoriatan banatuta dago, parte-hartzaileen edadearen eta hezkuntza mailaren arabera. Kategoria guztietako lanek jatorrizkoak izan behar dabe, euskeraz idatziak eta argitaratu bakoak. Parte-hartzaileek hiru modalidadetan aurkez leitekez euren lanak: ipuinak, olerkiak eta bertso/koplak. Lanek ondoko aurkezpen-baldintza honeek bete behar ditue: letra-tipoa Univers, Arial, Times New Roman edo antzekoa izan behar da; tamaina, 11 edo 12 puntukoa; eta lerroen arteko tartea, 1,5. Ganera, lanetan ez da egilearen izenik agertu behar, identifikazino lema bat baizik.

Kategoriak eta sariak

Parte-hartzaileak kategoria honeetan banatuko dira:

- Lehen Hezkuntza (LH5 eta LH6):

  • Ipuinak: 1etik 3 orrialdera.
  • Olerkiak: 10etik 20 lerrotara.
  • Bertso/Koplak: 3 bertso, 6 kopla.
  • Saria: 100 euro, liburu bilduma modura.

- Bigarren Hezkuntza (DBH1 eta DBH2):

  • Ipuinak: 2tik 4 orrialdera.
  • Olerkiak: 20tik 30 lerrotara.
  • Bertso/Koplak: 4 bertso, 8 kopla.
  • Saria: 125 euro, liburu bilduma modura.

- Bigarren Hezkuntza (DBH3 eta DBH4):

  • Ipuinak: 3tik 6 orrialdera.
  • Olerkiak: 30etik 40 lerrotara.
  • Bertso/Koplak: 5 bertso, 10 kopla.
  • Saria: 150 euro.

- Batxilergoa eta Lanbide Heziketa:

  • Ipuinak: 4tik 7 orrialdera.
  • Olerkiak: 40etik 50 lerrotara.
  • Bertso/Koplak: 6 bertso.
  • Saria: 200 euro.

- Helduak (18 urtetik gora):

  • Ipuinak: 4tik 8 orrialdera.
  • Olerkiak: 50etik 70 lerrotara.
  • Bertso/Koplak: 8 bertso.
  • Saria: 600 euro ipuinetarako eta 300 euro olerki eta bertsoetarako.

Interesdunek euren lanak apirilaren 30era arte bialdu ahal izango ditue. Parte-hartzaileek modu bi erabili ahal izango ditue: batetik, posta bidez, lanak Durangoko Udala, Euskera Saila, Barrenkalea 17, 48200 Durango helbidera; bestetik, posta elektroniko bidez, lana PDF formatuan bialduta helbide honetara: juleneazpeitia@durango.eus.

Irabazleen iragarpena eta sari banaketea

Irabazleen izenak 2025eko maiatzaren 30ean emongo dira eta sari banaketa ekitaldia, barriz, bagilaren 15ean izango da Plateruenan. Saritutako lanak Durangoko Udaleko Euskera Sailak argitaratuko ditu.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu