Frantzisko aita santua hil da, 88 urte zituala
2025-04-22 07:45 Pil-pileanPazko Astelehenean hil zan, bezperan San Petri Basilikako balkoitik Urbi et Orbi bedeinkapena emon ondoren.

Iktusak jota hil zan eta horrek koma egoerea eta bihotzeko eta zirkulazinoko gatx osatuezinak eragin ondoren.
Frantzisko Bergoglio Jaungoikoaren eta Eleizearen zerbitzura emon dau bizitza osoa eta ebanjelioaren balioa erakutsi deutsoz munduari fideltasunez eta maitasunez, eta batez be, pobre eta baztertuenen alde. Eleiza katolikoaren 266. aita santuak 12 urte egin ditu karguan.
Frantziskok berak erabagita aurreko aita santuek baino hileta sinpleagoa izango da; igazko apirilean onartu eban aita santuen hileten erritualak sinpletzea, eta besteak beste, ez dira hiru zerraldo, katafalkorik edo aita santu makulurik egongo. Holan dakar Ordo Exsequiarum Romani Pontificisen bigarren edizinoak. Frantziskok apirilaren 29an argitalpena onartu eta zemendiaren 4an jaso eban. Diego Ravelli aita santuen ekitaldi liturgikoen arduradunak zemendian azpimarratu ebanez, bigarren edizino bat egin behar izan da.
Bergoglioren nahia zan erritu barrietan arabere gehiago azpimarratzea aita santua artzain bat gehiago zala, Kristoren ondorengoa eta ez mundu honetako boteretsu bat.
Erritualaren aldaketa handietako bat lurperatzean egongo da, izan be, Vatikanoko Basilikan izan beharrean, Erromako Andre Maria Nagusian egingo baita.
Era berean, Frantzisko aita santuaren gorpua bihar eroango dabe San Pedro Basilikara, han jarraitzaileek azken agurra emoteko aukerea izan deien. Ondoren martxan jarriko da hurrengo aita santua hautatzeko prozesua edo konklabea, aita santua hil eta gitxienez 16 egun igaro beharko dira prozesuari ekiteko eta 21 egun baino gitxiago eta, beraz, leitekeana da maiatzaren 6tik 12ra bitartean hastea.
Kontuak kontu, kardinalek konklabea noiz batu adostu beharko dabe eta hor 80 urtetik beherakoak baino ezin izango ditue aukeratuko, besteak beste, Pietro Parolin kardinala, italiarra, Vatikanoko diplomatikoa; Peter Kodwo Appiah Turkson kardinala, Ghanakoa, Vatikanoko funtzionarioa; Matteo Maria Zuppi, italiarra, Boloniako gotzainburua; eta Mario Grech kardinala, Gotzainen Sinodoko idazkari nagusia, maltarra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!