Guterres eta EAAF, Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko Gernika Sariak

Bizkaie! 2025-04-15 08:55   Kulturea

Gernika nazinoarteko mezu baten epizentro bihurtuko da barriro be.

Bonbardaketeak, Gernika gerrearen izugarrikeriaren ikur unibersal bihurtu eban eta laurogeita zortzi urte geroago, euskal uria nazinoarteko mezu baten epizentro bihurtuko da barriz be. Apirilaren 25ean eta 26an, Gernika-Lumoko Udalak eta NBEk 1937ko apirilaren 26ko erasoa akorduan izateko ekitaldiak egingo ditue, memoria, diplomazia eta aktibismo zibikoz betetako programeagaz. Ganera, Bakearen, gerren amaieraren eta nazinoarteko legezkotasuna errespetatzearen aldeko oihua izango da. Ekitaldia, NBEren Zibilizazinoen arteko Aliantzak (UNAOC) sustatu dau, Miguel Ángel Moratinos goi-ordezkariak sustatuta.

Dimensino globaleko ekitaldia

Ekitaldiak, Bakearen Aldeko Erlijinoak erakundearen eta Gernika-Lumoko Udalaren laguntzea dau eta erlijino-liderrak, gizarte zibileko ordezkariak eta politika-arloko persona ospetsuak batuko ditu. Helburua da bake-mezua artikulatzea, Moratinosek New Yorkeko ekitaldiaren aurkezpenean adierazo eban bezela: Bakearen aldeko konzientzia kolektiboa sortu behar dogu.

Espainiako atzerri-ministro ohiak (2004-2010) egindako hausnarketen artean, gerrearen diskurso instituzinonalaren zuzeneko kritikea nabarmendu eban: zergaitik gabiz gerrarako ekipamenduez berba egiten eta ez bakerako ekipamenduez?, EBk sustatutako balizko gatazka armatu baten aurrean prestakuntza zibilari buruzko eskuliburu barriari erreferentzia eginez.

Guterres eta EAAF, sarituak

Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko 2025eko Gernika Sariak be emongo dira. Sari horreek Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiaren eta Argentinako Auzitegi Antropologiako Taldearen (EAAF) lana autortzen dabe aurton, nazinoarteko justiziagaz eta Latinoamerikako eta munduko beste leku batzuetako desagerpen behartuen biktimen memoriagaz daben konpromisoagaitik. Ekitaldia apirilaren 26an izango da, zapatuan, Jai Alai frontoian eta José Luis Rodríguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohia izango da berton.

Ahaztu ez dauen herria

Programa instituzinonala hilaren 25ean hasiko da, Lizeo Antzokian mahai-inguruekaz, George L. Steer, José de Labauria eta gudarien autortzak eta udaletxean Auschwitzegaz adiskidetasun-ekitaldi sinbolikoa egingo dira. Jardunaldiari amaierea emoteko, Amos Gitai zinemagilearen Why War dokumentala emongo da. Zapatuan, hilak 26, bonbardaketatik bizirik atera ziranei bazkari-autortzea egingo da, 15:45ean sirenekaz gauzatuko dan ekitaldia udalerriko hainbat tokitan, lore-eskaintza Zalloko hilerrian, kale-antzokia Gernika Garretan obreagaz eta ibilaldia kandelekaz herriko kaleetan zehar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu