Hizkuntza gitxituetan idatzitako antzerki-testuak itzultzeko tailerra atondu dabe
2025-04-14 07:45 KultureaDoSel europar proiektuaren barruan.

Jeton Neziraj.
DoSEL (Drama of Smaller European Languages) europarra Bilbora helduko da eta Arriaga Antzokia bete-betean sartuko da proiektuan apirilaren 26tik 30era arte.
Tailerraren helburua da hizkuntza gitxituetan idatzitako antzerki-testu bi egitea, testu bakotxa bestearen hizkuntzara eroanez; horrezaz gan, hizkuntza gitxitu batean idatzitako obra batek izan leitekeen zailtasunen inguruko hausnarketa egin nahi da. Holan, tailerrean DoSEL proiektuan dagozen Europako antzoki bik parte hartuko dabe. Batetik, Arriaga Antzokiak, Eneko Sagardoy aktoreak idatzitako Moto-Membra Jesu Nostri produkzino propio euskeraz: eta bestetik, Teatri Kombëtar i Kosovës (National Theatre of Kosovo - Kosovoko Antzoki Nazionala) antzokiak, Aventurat e familjes Bosh në Unmikistán (Jeton Neziraj, Albania). Neziraj nazinoartean prestigio handiko antzerkigilea da, Balkanetako onenen artean dabe eta kritikak txalotutako obra ugari ditu.
Tailerra Arriaga Antzokiak atondu dau, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzeagaz. Euskal institutuak itzultzaileak topetan lagundu deutso Arriaga Antzokiari, euskerazko obra albanierara eroateko, baita alderantziz be. Horrezaz gan, Irene Larraza zuzendariak berbaldia moderatuko dau hilaren 29an, tailerraren jarduera paralelo bezela.
Erronka idiomatikoak
Hizkuntza gitxitu batean idatzitako edozein antzerki-testuk dauen zailtasun handietako bat da ezin dala zuzenean beste hizkuntza gitxitu batera itzuli. Holan, adibide batzuk aitatzearren, ingelesez, gaztelaniaz, frantsesez edo alemanez idatzitako edozein obra zuzenean itzul leiteke edozein hizkuntzara. Tailerrean landuko diran adibide errealetara eroanda, oso gatxa da euskerea eta albanierea berba egiten dituan persona bat topetea, baina ia ezinezkoa da hizkuntza bien artean itzultzeko gai dan itzultzaile kualifikadu bat topetea. Horrek behartu egiten gaitu hizkuntza global bat zubi bezela erabiltzera eta, normalean, itzultzaile bi kontratau behar izatea dakar.
Testu literario eta dramatikoen itzulpenean eskarmentu handia daben hiru itzultzaile parte hartuko dabe. Moto-Membra Jesu Nostri euskeratik albanierara itzultzea errazagoa izan da, Eneko Sagardoy bera arduratu baita euskaratik gaztelaniarako jauzia egiteaz, eta, beraz, nahikoa izan da itzultzaile bakarragaz. Holan, gaztelaniatik albanierarako itzulpenaz Bashkim Shehu idazle eta itzultzailea arduratzen dabil. Aventurat e familjes Bosh në Unmikistán obra albanieratik euskerara itzultzeko prozesuan, barriz, tailerrean Jeton Nezirajekin batera lanean ibiliko diran itzultzaile bi dabiz parte-hartzen: María Roces González da testua gaztelaniara eroan dauena eta Izaskun Gracia Quintanak gaztelaniatik euskerara.
Tailerrean zehar, Eneko Sagardoyk eta Jeton Nezirajek, hiru itzultzaileekaz batera, gogoetea egingo dabe prozesuan izan dituen zailtasunei eta tailerrean bertan urtenbidea behar daben erronkei buruz.
Mahai-ingurua martitzenean
Apirilaren 29an, Testu dramatikoen itzulpenaren erronkak eta ikuspegiak mahai-ingurua atondu dabe. Tailerraren jarduera paralelo horren moderatzailea Irene Larraza izango da, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, eta berton izango dira parte-hartzen danen egile biak, Sagardoy eta Neziraj eta hiru itzultzaileak. Horrezaz gan, ekarpen interesgarriekaz aberasteko asmoz, Kirmen Uribek be parte hartuko dau, online, zoom bidez konektauz, euskal egilearen literatura testuak gehien eta hizkuntza ugaritara itzuli diranen artean baidagoz. Horreekaz batera izango da be Jure Novak antzerkigile eta zuzendari esloveniar prestigiotsua, oso konprometituta dago-eta Europako hizkuntza gitxituen errealidadeagaz. Ganera, DoSEL proiektuaren bultzatzaileetako bat izan da.
DoSEL proiektuan dagozen Europako beste antzoki batzuetako antzerkigile eta sortzaile batzuk online konektetea be aurreikusten da.
Gogorarazo behar dabe, Arriaga Antzokiagaz eta Kosovoko Antzoki Nazinonalagaz batera, ondoko espazio kultural honeek parte-hartzen dabela proiektuan: Presernovo gledalisce Kranj (Eslovenia), National Agency for the Performing Arts (Malta), Croatian National Theatre in Zagreb (Kroazia), Foundation Estonian Theatre Agency (Estonia), "Ivan Vazov" National Theatre (Bulgaria) eta Beckett aretoak (Katalunia).
Tailerrean parte-hartzen daben guztiak Mari-Eliren estreinaldira joango dira, apirilaren 30an: Arriaga Antzokiaren produkzino barria da eta Jesus Guridiren zarzuela ezezagun bat berreskuretan dau. Partituraren edizino kritikoa egin ondoren, oholtzara eroango da, Calixto Bieitoren zuzendaritza eszenikoagaz eta Jon Malaxetxebarriaren musika-zuzendaritzeagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!