Aste Santurako plan ugari, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen eskutik

Bizkaie! 2025-04-14 10:28   Kulturea

Eraikin historikoak ikusteko sarrerea doban izango da.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak kultur proposamen ugari daukiez Aste Santurako. Kultur eskaintzea Bilboko egoitzako erakusketa aretoan hasiko da (Hurtado de Amezaga kalea, 6), kontserba-fabriketako andrazkoen ofizino zahar eta gogorrari buruzko lehenengo erakusketeagaz; Batzar Nagusiak erakundeko hiru egoitza enblematikoetan jarraituko dau, Gernikako, Abellanedako eta Gerediagako Batzarretxeetan, hain zuzen be; eta Enkarterrietako Museoan dagoan arte gotikoari buruzko lehenengo erakusketeagaz eta Erandioko geltokiko plazan Batzar Nagusiak erakundeko garrantzi historikoari eta politikoari balioa emoten deutson erakusketeagaz zarratuko da.

Jaiegun honeetan, Gernikako egoitzak Europako sistema parlamentario zaharrenetakoaren alma materra ezagutzeko prest dagozan milaka persona jasoten ditu. Gernikako Batzarretxearen barrua bisitetea doban da, baina eukierea mugatua danez, beharrezkoa da aurretik hitzordua erreserbetea Batzar Nagusiak erakundearen webgunean. Ordutegia 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara izango da lanegunetan, eta jaiegunetan 19:00etara luzatuko da.

Gerediagako (Abadiño) Batzarretxea, antxina Durangoko Merinaldeko Batzar Nagusiak alkartzen ziran lekua, astelehenetik barikura egongo da edegita, 10:00etatik 20:00etara, eta zapatu, domeka eta jaiegunetan ordubete lehenago zarratuko da.

Horrezaz gan, Enkarterriko kultur eta historia ondare garrantzitsuena eta zabalena batzen dauen Enkarterrietako Museoa 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara bisitau ahal izango da. Jaiegunetan eguerdiko ordu biak arte egongo da edegita.

Aldi baterako hiru erakusketa

Bizkaiko Batzar Nagusiak, iraganean euren lanagaz lurraldearen aurrerabidean lagundu eben emakumeei bozgorailua emoten jarraitzen dabe. Oraintsu, Bizkaiko Batzar Nagusiak, liburu bat argitaratuta eta erakusketa bat atonduta, konserba-fabriketako andrazkoen, XVI. mendetik arraina lurraldeko portuetako lonjetan eraldatzen ibili diran emakumeen, ofizinoa autortu dabe. Argazkiak, dokumentuak, artelanen erreprodukzinoak, lekukotzak eta hainbat tresna (laneko tresnak, sareak, saskiak, erropa, material grafikoa, konserba latak...) batzen dituan Beti eskamak kentzen erakusketea apirilaren 25era arte egongo da edegita Batzar Nagusiak erakundearen erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6. Bilbo).
 
Aldi berean, Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin erakusketea apirilaren 30era arte egongo da edegita Abellanedan (Sopuerta) dagoan Enkarterrietako Museoan. Urregintzearen, irudien eta margolanen artean ondare balio handiko 38 pieza batzen dituan erakusketea, Jesús Muñiz Petralanda historialariak XIII. eta XVI. mendeen artean Bizkaiko ondarean errastu garrantzitsu besteko ezezaguna itxi dauen garai artistiko zaharraren inguruan egindako lanean oinarritzen da.

Erandioko metroaren geltokiko plazak XIV. mendetik aurrera lurraldearen gorabehera nagusien protagonista eta lekuko izan dan eta Europako lehenengo sistema parlamentarioetakotzat hartzen dan erakundearen garrantzi historiko, politiko, sozial eta kulturalari balioa emoten deutson Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz erakusketa ibiltaria jasoko dau hilebete honetan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu