'L’Histoire de Souleymane', 22. Giza Eskubideen Film Luze Onenaren Publikoaren Saria

Bizkaie! 2025-04-11 13:17   Zinemea

Gaur arratsaldean, hilak 11, 20:00etan, banatuko dira sariak.

'L’Histoire de Souleymane' (Argazkia: Unité). | Ikusi handiago | Argazki originala

Boris Lojkinek zuzendutako L’Histoire de Souleymane (Frantzia, 2024) filmak lortu dau Film Luze Onenaren Publikoaren Saria Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldian, gaur gauean, hilak 11, Victoria Eugenia Antzokian amaituko dana.

Luciana Kaplanen Tratado de invisibilidadek (Mexiko, 2024) jaso dau Film Luze Onenaren Amnesty International Saria. 2010etik, AIk izentautako epaimahai batek emoten dau sari hori. Epaimahaiaren eretxiz, filmak agerian ixten dau, zorroztasun estetikoagaz eta maila zinematografiko handiagaz, emakume horreen esplotazinoa eta egoereak eragiten dauen eskubide-urraketea.

Ione Ituarte kultur ekitaldien produktoreak, Kristina Zorita kazetari eta zinemagileak eta Miguel Angel Ramos, Javier Maura eta Itziar Zeberio Amnesty Internationaleko ordezkariek osotutako epaimahaiak aitamen berezia Waves (Txekiar Errepublikea, 2024) filmeari emotea erabagi dau: Pragako Udabarrian adierazopen-askatasunaren aldeko burrukeari heldu deutsolako, gaur egun oraindino be mehatxupean dagoan eskubideari, hain zuzen be.

Ali Reza Shah Hosseiniren Black Scarf (Iran, 2024) filmak Film Labur Onenaren Gazte Epaimahaiaren Saria irabazi dau (3.000 euro) eta Iñaki Alforja eta Iban Toledoren 16060 egun (2024) filmak, barriz, Euskal Film Labur Onenaren EITB Saria (1.000 €), aurton lehen aldiz emon dana.

Gaur arratsaldean, 20:00etan, amaiera-galean banatuko dira sariak. Ondoren, zinemaldiari amaierea emoteko aukerautako filma proiektauko da, Good One (AEB, 2024), India Donaldsonek zuzendua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu