'Urbasa' ikuskizunak edegiko dau 'Kultura Plazara' programea

Bizkaie! 2025-04-11 09:53   Kulturea

Apirilaren 13an, Hutsun + Ortzi konpainiaren eskutik.

'Urbasa' (Hutsun + Ortzi). | Ikusi handiago | Argazki originala

Leioako Udalak atontzen dauen Kultura Plazara programearen helburua da arte eszenikoak espazio publikoetara eroatea, baita kulturea udalerriko auzoetara hurreratzea be. Apirilaren 13an eta 27an eta garagarrilaren 10ean eta 11n izango dira programearen lau ikusikizunak, doban eta aire librean.

Domekan hasiko da, apirilaren 13an, Pinuetako Dolores Ibarruri plazan, Hutsun + Ortzi konpainiaren Urbasa proposamenagaz. Testurik bako ikuskizuna da, txalaparta, akrobaziak eta eszenaratze indartsua buztartzen dituana, naturearen eta teknologiaren arteko orekea hausnartzeko helburuagaz.

Apirilaren 27an, Zirkozaurre konpainiaren Vademecum ikuskizuna izango da Txorierriko Manuel de Irujo inguruan. Ikuskizun bisual horrek irudimenaren eta irakurketearen mundura eroango ditu ikusleak.

Garagarrilaren 10ean, San Bartolome Eleizaren plazan jarraituko dau programazinoak Bambolea konpainiaren Emakume Zirku Gala lanagaz. Euskerazko ikuskizuna izango da, emakume artistek soilik protagonizauta eta trapezioa, bihurdurak, malabareak eta beste hainbat diziplina erabiliz emakumeen presentzia aldarrikatzen dabe eszenatokian.

Hurrengo egunean, garagarrilak 11, Lamiakoko Juan de Ajuriagerra Plazak Rosarai Circ konpainia katalanaren La vida Toroidal hartuko dau. Proposamen min eta hunkigarria izango da, umorez eta akrobaziez betea, ama eta seme baten arteko istorioa kontetan dauena.

Umore Azoka, maiatzean

Umore Azoka 2025, Leioako Kale Artisten Azokeak, 25. urteurrena ospatuko dau aurton. Euskadiko kale arte eszenikoen ekitaldi garrantzitsuenetako bat da. Maiatzaren 15etik 18ra arte, Leioako kaleak antzerki, jantza, zirku eta musikaz beteko dira, 49 konpainien eskutik. Guztira, 600 proposamen baino gehiago jaso dira.

Aurtongo edizinoan, 21 euskal konpainiak, Estadu mailako 21 konpainiak (besteak beste, Andaluzia, Katalunia, Madril, Valentzia, Nafarroa eta Murtzia) eta nazinoarteko 7 konpainiak hartuko dabe parte, Taiwan, Japonia, Portugal, Belgika, Erresuma Batua eta Argentinatik etorriak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu