Egun batzuk barru izango da Bonbardaketearen 88. urteurrena

Bizkaie! 2025-04-11 08:41   Kulturea

Gernikako Bakearen Museoak hainbat jarduera atondu ditu apirilaren 26rako.

Gernikako bonbardaketearen 88. urteurrena (apirilak 26, 1937-2025) gero eta hurrago dago eta Gernikako Bakearen Museoak, urte osoan gai horri heldu arren, bere jarduera bereziak barrikusten ditu.

Alde batetik, 2025eko apirilaren 23an, eguaztenean, Museoak aldi baterako erakusketea inaugurauko dau arratsaldeko 18:00etan: Bandera zuria. Futuro damnatio Fernando Sánchez Castillo artistearen banakako erakusketea da. Fernandok, memoriari buruzko lanean oinarritu dau bere karrerea, boterearen irudikapena eta artearen historiaga dituan hartu-emonak landuz. Erakusketa honetan bere obrarik ikonikoenak topauko ditugu, Gernikako Bakearen Museorako apropos, berariaz sortutako instalazino bat tarteko dala. Artelan multzoak hainbat begirada eskaintzen ditu, baita sinboloak zelan eregi eta suntsitu diran be, horreei lotuta, beren defenseagaz edo desagertzeagaz hazten diran mitoen inguruan.

Apirilaren 26a (urteurrenaren egunean), 10:00etatik 19:00etara, ate edegien eguna izango dau Gernikako Bakearen Museoak eta Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko Gernika sarietan eta Zalloko kanposantuko ekitaldietan be parte hartuko dau.

Apirilaren 29an eta 30ean, Gernikako Bakearen Museoak eta Bonbardaketeari buruzko bere Dokumentazino Zentroak Ondarea gerra garaian gaiari buruzko jardunaldiak atondu ditue aditu entzutetsuakaz. Jardunaldi horreetan (doban dira, baina aldez aurretik izena emon behar da) gerra-gatazketan ondarea babesteko ekintzak aztertuko dira, 1936ko Gerra Zibila eta gaur egungo gatazka edo burukak. Jardunaldiak Gernikako Elai Alai Aretoan izango dira eta, besteak beste, Arturo Colorado, Francisco Javier Muñoz, Santos M. Mateos Rusillo, Isber Sabrine, Patricia Fernández Lorenzo, Javier Novo, Estíbaliz Puente Velilla eta Francisco José Rufián Fernández iragarri ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu