San Fidel Ikastolako ikasleak Hegoafrikan jokatuko dabe First Lego Leagueko azken fasea
2025-04-10 13:30 KultureaBizkaia ordezkatuko dabe.
Gernikako San Fidel Ikastolako ikasle talde batek First Lego League nazinoarteko zientzia, teknologia eta robotika lehiaketearen azken fasea jokatuko dau maiatzean, Lurmutur urian, Hegoafrikan. Gernikako ikastola Estaduko hamar talde onenen artean sailkatu zan Ferrolen (Galizia) jokatutako txapelketan, Euskadin izen bereko txapelketea irabazi ondoren. Gernikako taldeak, holan, Bizkaia ordezkatuko dau zientziaren, teknologiaren eta robotikearen inguruko munduko eskolarteko txapelketa ospetsuenean.
SanFitek Air, San Fidel Ikastolako taldea, DBH 4. mailako 10 neska-mutilek osotua, Lurmutur urian izango da maiatzaren 7tik 9ra arte, First Lego League Open Africa Championship txapelketean parte hartzeko. Afrikako ekitaldiak STEMeko arloetan munduko gazte bikainenak batzen ditu, batez be, arretea jarriz robotikeari eta programazinoari, adierazo dabe txapelketearen atontzaileek.
Erakundeak aurton aukeratu dauen gaiaren arabera submerged (urperatua), ikasleek itsas hondoagaz lotutako arazoetarako urtenbideak garatu behar izan ditue pentsamentu sortzailearen eta programazino robotikoaren laguntzaz.
Desagertzeko arriskuan dagozan landareak
San Fidel Ikastolearen kasuan, Bigarren Hezkuntzako ikasleek urpeko robot barritzailea sortu dabe, kutsadurearen ondorioz desagertzeko arriskuan dagozan itsas landareak errekuperetako, batez be, Kantaurin, Urdaibain eta Mediterraneoan. Taldeak urpeko robota eregi dau, itsasontzi batera konektauta, itsas ohea espezie horreekaz birlandatzeko, itsas hondoa eta birlandaketea monitorizetan daben kamera eta sensore batzuei esker.
Neska-mutilek, Euskadiko eta Espainiako atariko faseetan, proiektua aurkeztu eta defendidu behar izan eben, euskeraz eta gaztelaniaz, hurranez hurran; berton, proiektuaren eraginkortasuna, sormena, suponiduten dauen barrikuntzea edo beste balio batzuk erakutsi behar izan zituen, esaterako, talde-lana eta alkar-ulermena. Orain ingelesez egin beharko dabe.
Horretarako, Gernikako taldeak hilebeteak daroaz lanean eregite prozesuan eta programazinoan. Halanda ze, Urdaibaiko eta Bizkaiko hainbat enpresa bisitau ditue urtenbide zientifiko egokia topetako. San Fideleko ikasleak AZTI Fundazinoan aztertu eben zelan itsas oheko landare batzuen desagerpena, Zostera Noltii eta Posidonia Ozeanikoa kasu, modu larrian eragiten jaken arrain txikiei. Ganera, proiektu zientifikoan sakontzeko, Urdaibai Garapenagaz eta Echebastar edo Maier lako enpresakaz hartu-emonetan egon dira.
Hezkuntza proiektua Legogaz egindako robot baten eregite eta programazinoagaz osotzen da. Robot horrek erakundeak ezarritako zenbait misino beteko ditu. Gernikako taldeak, emoitza onenak lortu zituan robotaren sailkapen faseetan. Hegoafrikan eta hiru egunez, nazinoarteko txapelketeak mundu osoko ehun eskola-talde ingururen balio horreek frogauko ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!