Punta Begoña denporearen makina bihurtuko da
2025-04-09 13:05 KultureaTelefono edo tablet bidez, momentu historiko garrantzitsuenak bizi ahal izango dira.

Aste Santutik aurrera, Punta Begoña denporearen makina bihurtuko da. Halanda ze, bisitariak joandako une garrantzitsuetan sartu ahal izango dira, horreen errastuak Abrako talaian dagoz-eta. Punta Begoñan, Getxon, Itsasadarrean... historia egin daben jazoera garrantzitsuak, adierazgarriak Bizkaian, Euskadin eta Estaduan, baita nazinoartean be.
Punta Begoña sakontasun historiko parebako toki bezela balorau dabe profesionalek eta adituek. Xurxo Ayán arkeologo eta dibulgatzaile ospetsuak holan definidu eban: peninsulako kapsula historiko interesgarrienetakoa. Horregaitik, Punta Begoña Fundazinoak ondarea eta historia zabaltzeko proiektua jarri dau martxan, modu barritzaile, irisgarri, didaktiko eta ludiko batean.
Proiektuaren helburua da Punta Begoñaren ikusgarritasuna, kokapen estrategikoa eta gordetan dituan jazoera garrantzitsu historikoen pilaketea aprobetxetea narrazino barritzaile bat eregiteko.
Esperientzia euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez aurkeztuko da.
Jazoera historikoak
Konbinazino horren emoitzeari esker, Punta Begoñara joaten danak talaia horretatik sartzeko aukerea izango dau, telefonoaren (edo tabletaren bidez hobeto ikusi nahi bada), denporean zeharreko bidaian. Orain 65 miloe urteko gorabeheretatik gaur egunera arte.
Proiektuaren lehen fasea, XX. mendeko jazoera historikoetan zentrauko da:
- Ikono europarra eregitea. Punta Begoña 1918.
- 20ko hamarkadea 1931ra arte. Punta Begoñatik diseinetan zan etorkizuna. Horacio Echevarrietaren eklosinoa, Espainiako historiako enpresa-gizonik garrantzitsuenetako bat.
- 1937ko egun hatan. Gerra, erbestea eta bonbak Abran eta Punta Begoñan. XX. mendeko egunik tristeenetako bat Euskadin.
- Punta Begoñako espoliazinoa eta faxismoaren errastuak. 1939 eta 40ko hamarkadea.
In situ biziteko esperientzia sortuko da, haren protagonistek lehen personan kontauta, historia ulertzen lagunduko dauen teknologiari esker. Aitatutako jazoera historiko horreek dokumental batzuen bidez transmitiduten dira, aktoreen grabazinoen, efektu berezien eta adimen artifizialaren bitartez. Dokufikzinoko eta estetika zinematografikoko ikus-entzunezko horreek 360ºan irudikatu daitekezan sartze-edukiak ditue.
Proiektua hazten joango da, erakundeek eta, batez be, Euskal Herriko Unibersidadeak egindako ikerketa-lanak aprobetxauta, Punta Begoña historiarako leku bihurtu arte.
Daborduko jazoera historikoak birsortzeko lanean dabiz.
Punta Begoña, beraz, sormenerako, erakusketarako, prestakuntzarako eta aisialdirako gune izatea da asmoa, baita historiaren museo bizi izatea be. Prestakuntza-baliabidea be bada, ikastetxe guztien eskura dagoana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!