Bizkaia UNRWAren alde

Bizkaie! 2025-04-09 11:21   Pil-pilean

Palestinako errefuxiatuei, hau da, 6 miloe personari, laguntzea eta babesa emoteko agindua dauena.

UNRWAren zeregina Palestinako errefuxiatuei laguntzinoa eta babesa emotea da, bost jarduketa-eremutan: Jordanian, Libanon, Sirian, Zisjordanian (Jerusalem Ekialdea tartean dala) eta Gazan, 75 urte aurerago errefuxiatuen egoera larriari behar dan moduko eta behin betiko konponbidea emoteko asmoz. Agentziak arlo honeetan egiten dau lan: osasunean, hezkuntzan, babes eta gizarte-zerbitzuetan, kanpamentuen azpiegituran eta hobekuntzan, mikrofinantziazinoetan, laguntza humanitarioan eta larrialdietako laguntzan, hori guztiori gatazka-garaietan zein barealdietan. UNRWA ia oso-osorik finantziean da kide diran Estaduen borondatezko ekarpenen bitartez.

2025eko urtarrilean, Israelgo parlamentuaren lege bi jarri ziran indarrean, UNRWAk Palestinako lurralde okupatuan egiten dauen lana bertan behera itxi guran. UNRWAk hainbat hamarkadatatik hona egiten dauen lana eragoztea agentziak babesten dituan personen bizitearen kontrako atentadu zuzena da.

UNRWAren kolapsoak Gazako sufrimendua handitu baino ez dau egingo. UNRWA, bere langileak eta bere zerbitzuak guztiz integrauta dagoz Gazako gizartean. Agentzia suntsitzeak ordena sozialaren triskantzea indartuko dau. Zisjordaniaren kasuan (Jerusalem Ekialdea tartean dala), UNRWAren ahuldadeak are handiagoa dan ezegonkortasuna elikatuko dau.

Gazan, gerrea hasi zanetik, UNRWA miloe 2 personarentzako salbagailu bihurtu zan:

  • UNRWA osasun arloko lehen mailako arretearen hornitzailerik handiena da Gazan: gure osasun-taldeek 6,7 miloei mediku-konsulta egin zituen (egunean 1.600 baino gehiago).
  • 730.000 personak jaso eben babes psikosoziala eta buruko osasunaren arloko babesa.
  • Gure bazkideakaz batera, 10 urtetik beherako 560.000 umeri poliomielitisaren kontrako txertoa ipinten jake.
  • Ia miloe 2 personak jaso eben elikadura arloko laguntzea.
  • Desplazautako ehunka mila persona bizi dira UNRWAren aterpeetan.
  • Udatik, 50.000 umeri zuzendutako ikasketa-jarduerak egin ditue, su-etena bertan behera geratu dan arte.


Agentziak hezkuntzan be oinarrizko lana egiten dau. Gerrearen aurretik, 300.000 ume baino gehiago hezten zituan. Ume horreek ikasketa-giro batera eroatea, hondakinen artean egon beharrean, horixe izan beharko litzateke geure lehentasun nagusia. Daborduko urte bi baino gehiago galdu ditue ikasketei jagokenez.

Zisjordanian, UNRWA osasun arloko lehen mailako arretearen bigarren hornitzailerik handiena da. Osasun arloko lehen mailako arretea eskaintzen deutsee Palestinako miloe erdi errefuxiaturi eta 50.000tik gora neska-mutiko dagoz matrikulauta UNRWAren ikastetxeetan.

Azken hile bietan, indar israeldarrek bigarren operazino luze eta suntsitzaileena egin dabe, 2000ko hamarkadako bigarren intifadatik hona. Errefuxiatuentzako iparraldeko kanpamentuetan bizi diran 40.000 persona desplazau egin behar izan dira eta ez dago jakiterik bueltetako aukerarik eukiko daben. Martxan ipinitako operazinoek modu sistematikoan suntsitu ditue azpiegitura eta etxebizitza zibilak, urien eta errefuxiatuen kanpamentuen izaerea betiko aldatzeko asmoz. UNRWAren taldeek desplazatuen komunidadeak babesten ditue, larrialdietarako laguntzearen bitartez.

UNRWAk Ekialde Hurbilean bake justu eta iraunkorra lortzeko konpromisoa dauka. Gazan ezinbestekoa da su-etenera bueltetea, bahitu guztiak askatzea eta laguntza humanitarioa eta hornidura komertzialak oztopo barik garraiatzea. Testuinguru horretan, oinarrizkoa da Agentziaren lana inguru hori egonkortu eta berreregiteko.

Palestinako lurralde okupatu osoan, prozesu politikoei erreparau barik UNRWA desegiteak modu konponezinean kaltetuko ditu populazino palestinarraren bizimodua eta etorkizuna. Horrek suntsitu egingo dau nazinoarteko komunidadearenganako eta bideratzen dan edozein prozesu politikorenganako konfidantzea.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak Gazako Zerrendako krisiari erantzuteko asmoz, UNRWAk emoten dauen preminazko osasun-arretea eskaintzeko laguntzea onartu dabe. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak urteak daroaz UNRWAgaz batera proiektuak babesten Gazan, Libanon eta Sirian, bai eta hainbat eskubide babesten be: Palestinako emakume errefuxiatuen eskubideak, elikadurarako eskubidea, bizimodu duina izateko eskubidea eta larrialdietan osasun-arretea jasoteko eskubidea, berbarako. Era berean, Bizkaiko udalerri askok babestu ditue Gazako larrialdiari aurre egiteko deialdiak, UNRWAk egituratutakoak.

Horregaitik guztiagaitik, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak adierazpen hau sinatzen dau:

  • Babesa adierazoten deutse UNRWAk, bai Gazan eta Zisjordanian, eta bai Jordanian, Sirian eta Libanon, Palestinako errefuxiatuakaz egiten dauen ezinbesteko lanari.
  • Nazinoarteko komunidadeari adorea emoten deutse ez daian onartu UNRWAren agindua ahultzerik eta ekimenak sustatzea dala asmoa, UNRWA ez daiten desegin.
  • Eusko Jaurlaritzeari, foru aldundiei eta udalei eskatzen deutsee orain arte lez segidutekoo UNRWAren beharrezko eta preminazko lana babesten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu