'Euskal herri-musika' dokumentalak edegiko dau V. Tolofolk

Bizkaie! 2025-04-09 09:55   Musikea

Jaialdia pazko astean izango da, apirilaren 23tik 27ra.

Tolofolk musika-jaialdiaren bosgarren edizinoa izango da pazko astean, hilaren 23tik 27ra. JeaJeaka Kultur Alkarteak atonduta, Euskal Herriko eta nazinoarteko musikea doban entzuteko aukerea eskainiko dau jaialdiak, beti be, kultura herrikoiari oihartzuna eta indarra emoteko asmoz.

Eskaintza ugari izango dirala adierazo dabe atontzaileek, izan be, hainbat estilo, instrumendu eta musika entzuteko aukerea izango da. Guztira, zortzi hitzordu atondu ditue: dokumental baten proiekzinoa eta zazpi kontzertu.

Urtero lez, Andia erropa-markak jaialdirako propio sortutako kamisetea be aurkeztu dabe, herrian sortutako markagaz daben alkarlanaren erakusgarri. Azokea eta aho-soinua dira aurtongo irudiaren protagonistak.

Programazinoa

- Apirilak 23, eguaztena, 19:00 (Topicen):

  • Dokumentala: Euskal herri-musika (1978). Fernando Larrukertek zuzendutako 64 minutuko film enblematikoa.

- Apirilak 24, eguena, 19:00 (Berdura Plazan):

  • Caamaño & Ameixeiras (Galizia). Nazinoartean ezagunak, plataforma digitaletan milaka entzunaldi dituenak.

- Apirilak 25, barikua, 19:00 (Berdura Plazan):

  • Juanma Sanchez eta Luis Payno (Madril). Artzain-tradizinoaren soinuetara bidaiatzeko eta instrumendu tradizionaleko teknikak ikusteko aukerea.

- Apirilak 25, barikua, 23:00 (Frontoian):

  • Zeze (Euskal Herria). Folk elektronikoa Lapurditik.

- Apirilak 26, zapatua, 12:00 (Kalejirea):

  • Kalepoza. Oiartzungo Herri Musika Eskolako biolinistak, Lasko Txaranga, txistulariak…

- Apirilak 26, zapatua, 18:30 (Plaza Barria):

  • Landatarrak (Euskal Herria). Landa aita-seme anoetarrek aho-soinua eroango dabe Plaza Barrira.

- Apirilak 26, zapatua, 20:00 (Plaza Barria):

  • Deira (Asturias, Andaluzia). Nazinoarteko hainbat lehiaketatan saritutako folk-taldea.

- Apirilak 27, domeka, 19:00 (Berdura Plazan):

  • Erramun Martikorena, Elene Arandia, Mixel Ducau, Garazi Esnaola eta Oreka TX (Euskal Herria). Tolofolkerako propio prestautako kontzertua, berezia eta bakarra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu