'Gatibu, agur esan barik' filmak nazinoarteko estreinaldia izango dau Donostiako zinemaldian
2026-09-03 09:00 MusikeaJabi Elortegiren dokumentala Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehian izango da.
Gatibu, agur esan barik / Gatibu, sin decir adiós, Jabi Elortegik (El vasco) Gatibu taldearen agurrari buruz zuzendutako dokumentalak, mundu mailako estreinaldia izango dau 74. Donostiako Nazinoarteko Zinemaldian. Filma Zinemira atalean izango da, euskal zinemeari eskainitako sailean, eta Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da.
Filmak Gatibuko kideakaz batera eroango gaitu 25 urteko ibilbideari amaiera emon eutsen biran. Ibilbideak kontzertu handiak buztartzen ditu —Gernikako agurra eta BEC-Bizkaia Arenan jarraian eta sarrera guztiak agortuta egindako hiru kontzertuak, besteak beste—, eta geldialdi intimo eta sinbolikoak be batzen ditu: Zeppelin tabernea, lehen topaketen eszenatokia; Urepel, lehen abestiari izena emon eutson herria; eta Boise.
Musika kronikaz harago, Gatibu, agur esan barik atzera begiratzen dau hamaika disko, 800 kontzertu baino gehiago eta hainbat belaunaldiren memoria kolektiboan txertatutako kantuak itxi zituan historia berreregiteko. Denporearen igarotea, aldaketa personal eta kolektiboak, heldutasuna eta agurtzen jakitearen garrantzia be jorratzen ditu dokumentalak.
Gertutasunetik filmauta, kontzertuetako irudiak, artxiboko materiala, backstage uneak eta taldekideakaz eta inguruko personakaz egindako alkarrizketa personalak buztartzen ditu filmak. Eszenaratzeak orekatu egiten ditu eszenatoki handien dimensino epikoa eta bidaiaren eta azken agurragaz batera doazen isiluneen intimidadea.
Jabi Elortegik zuzendu eta idatzi dau filma, eta Itziar Zeberio (El vasco, Desagertuta, Go!azen) eta Jabi Elortegi bera ditu produkzino exekutiboan. Argazki zuzendaria Lander Andonegi da (Popel / Errautsak), eta Hannot Mintegia (Popel / Errautsak), barriz, muntaia zein jatorrizko musikaz aduratu da. Asier Renteria (Andy, Cuatro paredes), barriz, soinu-diseinuaren arduraduna da.
Gatibu, agur esan barik Pausoka Entertainmenten produkzinoa da. Filma laster estreinauko da zinema-aretoetan, Atera Filmsek eskutik.
Jabi Elortegi zuzendariak azaldu dauenez, ez genduan hileta bat egin nahi, ospakizun bat baino. Gatibu jente askoren gomuta sentimentalen parte da: taldearen abestiak presente egon dira ospakizunetan, bidaietan, hausturetan eta adiskidetzeetan. Istorio hau emozinoz, gertutasunez eta errespetuz kontau nahi izan dogu; filma ikusten dauenak euripean jantzan dabilela sentidu daiala.
Jabi Elortegi (Bermeo, 1969)
Zuzendaria, gidoilaria eta produktorea da, Pausokako bazkidea eta ibilbide luzea egin dau zineman eta telebistan, gertutasunak, giza eta emozino beroak eta euskal kulturearen zein identitatearen aurrean sensibilidade bereziak markautako begiradeagaz.
Bermeotarraren film luzeen artean, Zorion perfektua, 2009an Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean aurkeztua, eta El vasco, 2022an Zinemiran programautakoa. Ez-fikzinoko filmak be zuzendu ditu: Galerna. The Unknown Storm eta 1983. Euskadi inundada. Goenkale, Go!azen, Aitaren Etxea, Ihesaldia eta Desaparecido telesailez gan.
Fitxa teknikoa
- Titulua: : Gatibu, agur esan barik.
- Zuzendaria eta gidoia: Jabi Elortegi.
- Ekoizpen exekutiboa: Itziar Zeberio eta Jabi Elortegi.
- Argazki zuzendaritzea: Lander Andonegi.
- Muntaia eta jatorrizko musikea: Hannot Mintegia.
- Soinuaren diseinua: Asier Renteria.
- Produkzinoa: Pausoka Entertainment.
- Generoa: dokumental musikala, road movie emozionala.
- Iraupena: 82 minutu.
- Jatorrizko hizkuntzea: euskerea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
