XXX. Durangoko Pasinoak eszenografia modernoagoa izango dau
2025-04-09 09:21 KultureaSusana Alarcón eta Josune Goienetxea dira zuzendariak.

Durangoko Pasinoak 30. edizinoa ospatuko dau aurton, halanda ze, barrikuntza ugari izango ditu. Antzezlana Santa Ana plazan izango da apirilaren 16, 17 eta 18an, iluntzeko 21:00etan eta Juan de Itziar Kultur Alkartearen, Durangoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dau.
Antzerkia ezeze, talde lana be bada. Aurton, zuzendaritza barria izango dau, Susana Alarcónek eta Josune Goienetxeak gidatuta. Biak izango dira kudeaketa artistikoaren ardurea hartzen dabenak, obra tradizinonalaren esentziari eutsiz, baina ikuspegi barria ezarriz. Ganera, aktore nagusiak, barriro be, Markel Ganboa (Jesus) eta Izaskun Astondoa (Maria) izango dira, kultura ekitaldiaren jarraipena berretsiz.
Durangoko Pasinoak 120 persona baino gehiagoren parte-hartze aktiboagaitik nabarmentzen da, izan be, aktoreek eta laguntzaileek buru-belarri ibiltzen dira Jesukristoren azken uneei bizia emoteko, Jerusalemera sartu zanetik Igokundera arte. Aurton, ekitaldiak belaunaldi barriak hartuko ditu, halanda ze, eszenografia modernoagoa izango dau, muntaia errazteko eta ikusleentzat esperientzia bisual parebakoa eskaintzeko.
Pandemiaz geroztik, obrearen ospea nabarmen hazi da, izan be, aurreko edizinoetan sarrerak agortu egin ziran. Horrek, herritarren babesa eta bakotxean sortzen dauen emozinoa erakusten dau. Boluntarioen inplikazinoa eta lanak funtsezkoak izan dira tradizinoa bizirik eusteko, baita antzezpen bakotxaren kalidadea eta emozinoa bermatzeko be.
Durangoko alkate Mireia Elkoroiribek ondokoa nabarmendu dau: Durangoko Pasinoa antzezpen bat baino askoz gehiago da; gure nortasunearen eta talde lanaren adibidea hain zuzen be. XXX. edizinoan, durangarrak eta bisitariak bihotzean ikutu euskun tradizino baten jarraipena ezeze, etorkizuna bermatzen daben belaunaldi barrien sarrerea be ospatzen dogu. Durangoko Udala prest dago hain errotuta dagoan kultur proiektu hau babesten jarraitzeko, herria alkartuz eta bertoko talentua, dedikazinoa eta pasinoa bailoztatuz.
Kontuak kontu, ekitaldietan parte-hartzeko konbita egin dabe atontzaileek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!