Badatoz 'Getxo Eszena Kalean' eta 'Kristalezko kioskoa' programak

Bizkaie! 2025-04-09 08:37   Kulturea

Maiatzetik garagarrilera, zapatu eta domekatan.

Xabier Paia eta Amaia Agirre. | Ikusi handiago | Argazki originala

Maiatzetik garagarrilera arte, kalea izango da Getxoko kultura agertokirik nabarmenetako bat. Kultura kalean ezagutarazoteko eta mueta guztietako ikus-entzuleei kulturea eskuratzeko aukerea emoteko, Getxo Kulturak igaz martxan jarritako programa biren bigarren edizinoak atonduko ditu.

Holan, hiru hilabetez, arte eszenikoen proposamena izango da Areetako Geltokia plazan zapatuetan, Getxo Eszena Kalean programearen eskutik. Bestalde, Kristalezko kioskoa musika zikloak Muxikebarri kanpoaldera eroango ditu domekatan estilo eta genero askotako euskal artista eta taldeen kontzertuak. Sartzea doban izango da kontzertu guztietan.

Getxo Eszena Kalean

Euskadiko, Kataluniako, Madrilgo eta Belgikako konpainiek 14 proposamen eskainiko ditue aurton Getxo Eszena Kalean jaialdian, publikoa antzerkia, jantza, zirkua eta musikea lako diziplinetara hurreratzeko. Saio guztiak 18:30ean izango dira, bi izan ezik, 19:30ean (maiatzaren 3an) eta 20:30ean (maiatzaren 10ean).

Aurtongo egitaraua proposamen bikotx bategaz hasiko da maiatzaren 3an: Zurrunka konpainiaren Bira Kolore testurik bako proposamena eta ondoren, H hasiko da (19:30), igaz Feten azokan Kaleko Lan Onenaren saria jaso eban La Corcoles zirku-ikuskizuna, hain zuzen be. Hurrengo zapatuan, hilak 10, Plazaren txandea izango da (20:30), Euskadi Umore Azokako 2024ko Ikuskizun Onenaren Saria (La Pez Konpainia). Hilaren 17an, Finito-infinito ikuskizuna izango da, Trotamundos taldearen eskutik, eta maiatzaren 24an eta 31n, hurranez hurran, Oh-Pera! zirku lana eta Trapu Zaharra konpainia historikoaren azken proposamena, La última y nos vamos.

Bagilean, Sinkroniak: Inperfektu, Play & the Trip lanak Getxoko InPut konpainiaren jantzea hilaren 7an izango da, hiru pieza garaikideren bitartez. Hilaren 14an, Tio Teronen Semeak Getxora helduko da Haurreskolari jantza eta umorea buztartzen dituan lanagaz. Hurrengo astean, hilaren 21ean, Hika Teatrok Atearen bestaldean antzezlana taularatuko dau eta bagileko programeari amaierea emoteko, Alberto Velascok folklorea eta modernidadea buztartzen dituan Mugi mendiak jantza lana izango da.

Garagarrilaren 5ean, Nazinoarteko 48. Jazzaldia dala-eta, Kukai Jantzak Euskorleans kalejirea egingo dau, euskal jantzak eta erritmoak buztartuz. Aurrerago, hilaren 12an, Claudetteren txandea izango da, igaz Leioako Umore Azokan saritutako Balancetoi eta Maleta konpainien zirku lana. Garagarrilaren 19an Markeliñek Artilusio aurkeztuko dau, irakurketearen abenturea eta liburuen mundua hurreratzen daben antzezlana. Getxo Eszena Kalean zikloa Goitiberaren Eraitsi S.L. komediagaz amaituko da.

Kristalezko kioskoa

Bestalde, Kristalezko Kioskoa musika zikloaren bigarren edizinoak 12 kontzertu hartuko ditu, euskal artista eta taldeen eskutik. Kontzertu horreek Muxikebarri aurrean eskainiko ditue domekatan, 13:30ean, eta besteak beste, pop, rock, indie, cumbia, funk eta blues soinuak izango dira entzungai. Maiatzaren 4an hasiko da egitaraua Bwatzabal Band taldeagaz. Hilaren 11n La Tokokera eta haren cumbia eta salsa soinuen txandea izango da. Hilaren 18an, Garbayo indie eta power poparen erritmoakaz helduko da, eta, maiatzaren 25ean, Lala Perezek zarratuko dau hileko egitaraua.

Bagilean, zikloak bost kontzertu izango ditu. Hilaren 1ean, The Last Hiden Fox taldea Getxora helduko da, rockea, bluesa eta countrya buztartuz. Bagilaren 8an, Ekhi Lambert kantautoreak folk doinuak hurreratuko ditu eta, astebete geroago, hilaren 15ean, Markos Untzetak country doinuak joko ditu euskeraz. Mikel Urretagoiena Triok jazz garaikidea eta euskal musika tradizinonala buztartuko ditu 22an eta hilabetea The Cherry Boppers taldearen eskutik amaituko da, jazz funk doinuakaz.

Getxo Jazzagaz bat eginez, garagarrilaren 6an, Ainara Ortega & abeslariak eta Joaquín Chacón gitarristeak jazz intimistea eskainiko dabe. Hilaren 13an, Lorelei Greenen txandea izango da. Zikloari amaierea emoteko, hilaren 20an, Jon Gurrutxaga & Urbil Artolak kontzertua eskainiko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu