BilbaoArtek Amaia Gracia Azquetaren 'Okupazio hedakor bat' erakusketea hartuko dau

Bizkaie! 2025-04-08 12:55   Kulturea

Apirilaren 11an, barikua, izango da inaugurazino ekitaldia.

Amaia Gracia Azqueta. | Ikusi handiago | Argazki originala

BilbaoArtek, Bilboko Udalaren Produkzino Artistikorako Zentroak, Okupazio hedakor bat erakusketea inaugurauko dau, Amaia Gracia Azquetak egindako azken produkzinoa. 2023-24an BilbaoArtek ikasketa lagapena jaso eban bekearen esparruan eta ondoren Otxarkoaga Opengelaren estudioetan egindako egonaldia.

Amaia Gracia Azquetak denporearen, behin-behinekotasunaren eta erresistentziaren, abiaduraren, iraunkortasunaren eta arte garaikidearen barruan daben logikearen nozinoak lantzen ditu. Okupazio hedakor bat erakusketean artistearen aurreko lan-ildoekaz loturea eta eboluzinoa antzemoten da.

Halanda ze, Manto Flotante proiektuari jarraipena emon gura deutso. 2023/24an BilbaoArte Fundazinoan hautatutako proiektua da, ikasketa lagapena dauen beka modalidadean. Berton, Rena centista eta Barroca eskultureren mantu eta ehunetan irudikautako tolestura-masak aitatzen ditu, baita eskultura klasiko greko-erromatarrak be.

Obrea, japoniar kulturean eta Nagori terminoan oinarritzen da, gertakari baten ondoren pasetako jarrerea da-eta. Aurrekoaren gainean markautako aztarna bat, artisteari kontzeptu abstraktuak jorratzeko aukerea emoten deutsona, esaterako denpora edo denporazkotasuna sentipenaren eta afektuen bitartez. Artista autobiografikoa da, izan be, gogoetara eroaten dau gizakiaren natura erorkor eta hilkorra.

Gracia Azquetak gizarte garaikidean egiturarik ez izatea eta plastikoa material likido bezela erabiltzea planteetan dau, Zygmunt Bauman soziologo, filosofo eta saiakeragile poloniar-britainiarrak (1925-2017) sortutako modernotasun likidoari buruzko idazkiei erreferentzia eginez.

Okupazio hedakor bat pasetan danaren kontaketea eta adierazopena da. Kokapen espezifikoko instalazino bezela funtzionetan daben piezen moltsoa, besteak beste, telefonoagaz egindako eta etxeko argazki-formatuan inprimautako argazki txikiak, artistak eskulturearen zentzua ulertzen dauen egunerokotasunari dagozkionak.

Amaia Gracia Azqueta

Sortzaile nafarra (Iruña, 1985) Bilbon bizi eta lan egiten dau. Artista bisuala, tailerreko praktikearen posizinotik hasten da eta autobiografikotik heltzen deutso lanari. Haren prozesu eskultorikoak irudien produkzinoakaz osotzen dira. Mendia, lurraldea, identidadea eta afektuak landu ditu. Gaur egun, denporearen, erresistentziaren, abiaduraren, iraupenaren eta horreen logikearen nozinoak ikertzen ditu arte garaikidearen barruan.

Gracia Azquetak egoitzetan parte hartu dau eta hainbat beka jaso ditu, esaterako Casa de Velázquez (Frantziako Akademia, Madril), BilbaoArte Fundazinoa, Eusko Jaurlaritzearen Arte Plastikoak sortzeko dirulaguntzea, Nafarroako Gobernuaren Arte Plastikoetarako dirulaguntzea edo Bizkaiko Diputazinoaren produkzino artistikorako bekea. Bilboko Guggenheim Museoan, Huescako CDAN/Centro de Arte y Naturaleza - Huescako Beulas Fundazinoan, Huarteko Arte Garaikideko Zentroan, Bilboko Rekalde Aretoan, Gasteizko Montehermoso Kulturunean, Iruñeko Ziudadelan, Nafarroako Museoan eta Marzana Espazioan (Bilbo) erakutsi ditu, banaka edo taldean. Haren lana Nafarroako Museoaren, Huescako CDANen, Nafarroako Gobernuaren, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Diputazinoaren eta BilbaoArte Fundazinoaren bildumetan dago.



Agendea

  • Inaugurazinoa eta aurkezpen publikoa (apirilaren 11n, barikua, 19:00retan).
  • Bisita gidatua artisteagaz (apirilaren 12an, zapatua, 12:30etan).
  • Bisita gidatu bi: euskeraz (apirilaren 30ean, eguaztena, 19:00etan) eta gaztelaniaz (maiatzaren 14an, eguaztena, 19:00retan).
  • Alkarrizketea: parte-hartzaileak: Miriam Ocariz (artista eta diseinatzailea) eta Amaia Gracia Azqueta (artistea). Moderatzaile lanetan Mireya Martin Larumbe (artista bisuala, ikertzailea, komisarioa eta irakaslea) izango da. Maiatzaren 8an, eguena, 18:30etan izango da.
  • Okupazio hedakor bat liburuaren aurkezpena, Juan Pablo Huercanosek (Jorge Oteiza Fundazino Museoko zuzendariordea eta komisarioa) eta Amaia Gracia Azquetak egingo dabe. Maiatzaren 22an, eguena, 19:00retan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu