Sexu eta genero aniztasuna IV. ZineGogoaken

Bizkaie! 2025-04-07 13:17   Zinemea

Apirilaren 9an eta 10ean, Ballonti merkataritza-guneko Dock zinemetan.

Gazteria Portugaletek eta Zinegoak Alkarteak ZineGogoak hezkuntza-ekimena atondu dabe, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz. Ekimen horren helburua da gazteei sexu-aniztasunaren eta genero-identidadearen inguruko beste ikuspegi batzuk eskaintzea, eta zinemearen bidez, ikus-entzunezko eta narratiba hizkuntzearen oinarrizko elementuetara hurreratzea.

ZineGogoak bigarren hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeei batez be zuzendutako hezkuntza-proiektua da eta apirilaren 9an eta 10ean egingo da, Ballonti merkataritza-guneko Dock zinemetan. Guztira lau saio eskainiko ditue, eta horreetan DBHko 1.o 2. eta 3. mailako 270 gaztek baino gehiagok hartuko dabe parte, Zunzunegui BHI, Asti Leku Ikastola, Karmengo Ama, Portugalete OLHUI eta Repelega LHII ikastetxeetakoak hain zuzen be.

ZineGogoak gure gizartean aniztasuna balio positiboak eta beharrezkoak ikusarazoteko eta naturalizetako tresna bezela aurkezten da.

Pedro Azkarretazabal Gazteria zinegotziak adierazo dauanez, ZineGogoak dauela hiru urte sortu zan gazteek sexu-aniztasunaren inguruko sensibilizazino-programak areagotzea eskatzen eben aurrekontu parte-hartzaileetan egindako proposamenei erantzuteko. Horregaitik, Gazteria Portugaletek jarraitzen dau programearen aldeko apustua egiten, aniztasuna gure gizartean balio positibo eta beharrezko bezela ikusarazoteko eta naturalizetako. Zinemak aukerea emoten deusku beraiek izan nahi daben gizakien istorioak erakusteko.

Euskal zinemagileak

ZineGogoak proiektuak, ikus-entzunezko narratibearen oinarrizko elementuetara hurreratuko ditu ikasleak, eta, horretarako, euskal zinemagileen partaidetzea izango dau.

Aurtongo edizinoan, Jone Arriola Elgoibarreko zuzendariak Dena asmatuta dago film laburra aurkeztuko deutse gazteei, jarraibide batzuk adierazoz eta ikus-entzunezko bat filmaukeran kontuan hartu beharreko alderdiak nabarmenduz.

Bestalde, Alex Argoitiak, Erandioko Tartanga Lanbide Heziketa Zentroko Muntaketa eta Ikus-entzunezko Postprodukzinoko irakasleak, ikus-entzunezko lengoaiaren oinarrizko elementuak adierazoko ditu bideo tutorial laburren bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu