Zirgariak Eskola Feministea Bilbon
2025-04-07 10:48 KultureaBizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseiluaren prestakuntza gunea da.

Kontseilua osotzen daben alkarteetako (berrogeita hamar inguru dira) kideek parte hartu ahal izango dabe eskolako prestakuntzarako eta gizarte-eraldaketarako jardueran. Zirgariak Eskola Feministearen helburua da sareak ehuntzea eta erakunde horreetan pentsamendu feministea indartzeko oinarrizko tresna izatea. Burrukearen eta erresistentziaren ikur diran Bilboko itsasadarreko zirgariak ditu inspirazino.
Kontseilu hau erakunde horreek parte hartzeko eta erakunde publikoakaz berba egiteko organoa da eta 4/2018 Foru Arauan xedatutakoaren arabera sortu zan. Arau horrek, besteak beste, genero-ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala kontuan hartzen dituen politika publikoen alde egiten dau, lurraldeko ia berrogeita hamar emakume-alkartez eta kolektibo feministez osotutako organo horren helburua da hausnarketa, prestakuntza eta ekintza-zentro bat eskaintzea, Bizkaian feminismoa indartzeko eta gizarte bardinzaleagoa eregiteko bidean aurrera egiteko.
Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru-diputadua Emakumeen Partaidetzarako Kontseiluaren eskola feminista hau martxan jarteko ekitaldian izan da eta Zirgariak Eskolearen izakera estrategikoa azpimarratu dau: Zirgariak Eskola Feministea prestakuntza-espazioa izateaz gan, botere-espazio berezia be bada eta hor gizarte-eraldaketearen gakoa gara. Bardintasuna ez da amesa, eguneroko erronkea baino eta, erronka horri aurre egiteko, oinarrizkoa da Kontseiluan egiten dozuen lana. Zuek Bizkaiaren etorkizuna eregiten zabizie; etorkizunean emakumeek, politika publikoak erabilteaz gan, politika horreek gidatu, diseinau, ezarri eta bere egingo baititue.
Era berean, Laespadak eskerrak emon deutsee Kontseiluari politika publiko eraldatzailea eregiteko beteten daben zereginagaitik, bai eta erakundeen eta lurraldeko emakume antolatuen arteko zubi legezko espazio plurala, belaunaldiartekoa eta ordezkatzailea sortzeagaitik be.
Eskolearen izenak, Zirgariak, Bilboko itsasadarrean beren indar fisikoagaz ontziak atoian eroaten zituen emakumeak, hau da, zirgariak ditu erreferente. Emakume horrek historian zehar egindako lan ikusezina aldarrikatzeaz gan, emakumeen burruka kolektiboaren eta eraldatzeko gaitasunaren ikur da. Izen hori Uribitarte pasealekuan emakume horrek irudikatzen dituan eskultura-multzoan oinarritzen da. Monumentu hori aldarrikapen feministen eta bardintasunaren aldeko burrukearen sinbolo bihurtu da eta Laespada buru dauen sailak bultzatu eta finantziau eban.
Teresa Laespadak nabarmendu dauenez, Eskola hau izatea nahi dogun guztia islatzen dabe zirgariek: indarra, lan kolektiboa, memoria feminista eta estereotipoen hausturea. Espazio honen bidez, emakumeei pentsetan, trebatzen, tresna barriak eregiten eta beren artean errekonoziduten lagundu nahi deutsegu; eta zeregin horretan Zirgariak eskolea prestakuntza-espazioa eta gizarte-aldaketearen eragile eta Bizkaiko feminismoaren erreferente be izango da.
Zirgariak Eskolea prestakuntzarako eta hausnarketa dinamikorako gune legez funtzionau eta era askotako jarduerez betetako programazinoa izango dau: tailerrak, hitzaldiak eta eztabaida-espazioak, besteak beste. Guztiak diseinauko dira parte-hartzea ahalbidetzeko eta egungo beharretara eta erronketara egokituko dira; feminismoaren eta bardintasunaren oinarrizko gaiak jorratuko dira, ikuspegi kritiko eta eraldatzailea gogoan hartuta. Prestakuntzearen bidez, eskolearen helburua da emakumeei tresnak emotea botere-egiturak dudan jarri, benetako bardintasuna sustatzeko eta gizartea eraldatzen laguntzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!