Asier Urbietaren 'La Isla de los Faisanes' (2025) euskal filmak inaugurauko dau zinemaldia
2025-04-03 08:00 ZinemeaDonostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldia apirilaren 4tik 11ra egingo da.

Udaleko Giza Eskubideen sailak eta Donostia Kulturak atonduta, India Donaldsonek zuzendutako Good One (2023) film estadubatuarrak zarratuko dau zinemaldia apirilaren 11n, Victoria Eugenian, film luze eta laburren sariak banatuko diran galan. Ekitaldi horretan Helena Taberna zinemagile nafarrak bere ibilbide osoari emondako sari berezia jasoko dau.
Proiekzino gehienak Victoria Eugenia Antzokian izango dira baina proiekzino batzuk Antzoki Zaharrean egingo dira, tartean Zinema eta Biktimologiako II. Zikloan sartzen diran film biak.
Tabakaleran, barriz, hiru film erakutsiko ditue, Zinema eta Memoria ziklokoak, hain zuzen be.
Aurten, danetara, 25 herrialdetako 48 film programau dira (25 film luze eta 23 labur).
Zinema programazinoa ia egunero osotuko da protagonisten, zinemagileen eta landutako gaietan adituak diran personen barriketaldiakaz.
Danetara, goizeko 9 proiekzino eskainiko dira Antzoki Zaharrean, uriko ikastetxeeto lagunentzat. Edade-taldearen arabera aukeratutako filmak dira: Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz (2024), Basatiak (2024) eta Mariposas negras (2024). Film horreetarako gida didaktikoak landu ditue Marramiau Sorkuntza Taldeak, Rita & Luca Filmsek eta Ikertzek, hurranez hurran.
Giza Eskubideen Zinemaldiak Tentazioa konpainiaren Interview – Urez eta hondarrez ikuskizunaren estreinaldia be aurkeztuko dau, Telmo Iruretak zuzendutako De agua y arena film laburrean oinarritua. Proiekzinoa euskeraz izango da, apirilaren 2an, eguaztenean, Victoria Eugenian.
Bestetik, 3 erakusketa izango dira zinemaldiaren programazinoan.
Giza eskubideei buruzko Konekta TÚ online olgetea be egingo da, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak atonduta, parte-hartzaileek arlo horretan dituen ezagutzak probetako.
Horrezaz gan, mahai-inguru bi izango dira zinemaldian: Gaza bajo los escombros. Crónica de un horror, Amnistia Internazionalak, Mugarik Gabeko Medikuek eta Centre Delàs d'Estudis per la Pauek atonduta, martiaren 31n, Victoria Eugeniako Club Aretoan. Eta Zehar – Errefuxiatuakaz erakundeak Narratibak ehunduz topaketea aurkeztuko dau espazio berean, migrazinoei eta persona migratuei buruz hausnartzeko.
Zinemaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa dauka, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, eta Eusko Jaurlaritzarena, Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzearen bidez, baita GKEen eta hainbat erakunderen laguntzea be, tartean ondokoena: Zehar, Unicef, Gehitu, Amnistia Internazionala, Acnur, SOS Arrazakeria eta FiSahara.
Zinemaldiaren helburua da kalidadeko zinemearen bidez giza eskubideen aldeko eta urraketearen hainbat alderdiri buruzko hausnarketa, sensibilizazino eta eztabaidea bultzatzea, baita justizia eta ekiddte sozialagaz konprometidutako herritartasun aktiboa sustatzen laguntzea be.
Sarrerak
Bost euroan dagoz salgai Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugeniako leihatiletan eta Donostia Kulturan hemen.
Dobako saioetarako konbidapenak publikoaren eskura dagoz aitatu antzoki bietako leihatiletan, baita online be.
Interview – Urez eta hondarrez ikuskizunerako sarrerak 10 euroan dagoz salgai.
Zinema eta Biktimologia Zikloko saio bietarako konbidapenak be eskuratu daitekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!