Pabellon 6 eratsi eta berreregiteko Bilboko Udalak lau miloe euro inbertiduko ditu

Bizkaie! 2025-03-31 13:29   Kulturea

Proiektu horregaz amaituko da udal antzokia, Zorrotzaurren egoitza bi izango dituana.

Proiektuaren arabera antzoki barria eregitea aurreikusi da –228 jarlekuko edukiereaga–, egungoaren jatorrizko bolumetriara egokituta, eta lehendik dagoan bolumenari beste bat erantsita. Aurreikuspenei jaramon eginez, Gobernu Batzarrak laster onartuko ditu egikaritze-proiektua eta ha gauzatzeko aurrekontu-partidea. Obrak adjudikau eta hasi ondoren, urtebeteko epean amaituko dirala kalkuletan da.

Bilboko Udalarena da proiektuaren diseinua, Pabellon 6 berreregin eta antzerkiari eta jantzeari lotutako eraikin moderno eta iraunkor bihurtzeko, izan be, pabiloi mugakideagaz –Garabiagaz– jazo zan bezela, egungo higiezinaren egiturazko egoerak ezinezko egiten dau zaharbarritzea eta aprobetxetea. Beraz, udal-planak eraikina barriro eregitea eskatzen dau.

Asier Abaunza Uri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotziak eta Kepa Odriozola Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu ditue, etorkizuneko udal-azpiegitura honen inguruko zehetasunak. Horreekaz batera, Ramón Barea aktore, zuzendari eta Pabellon 6en sustatzaileak prentsaurrekoan parte hartu dau.

Korporazinoko kideek azaldu dabenez, Garabiaren eraikuntza-lanak erritmo onean doaz. Garabia eta Pabellon 6 Zorrotzaurren eta Zorrotzaurretik arte eszenikoen erreferente bihurtuko dan udal-kultur gune baten parte diraEraikin biak nabe paralelo bik osotutako industria-pabiloi zahar baten parte ziran. Instalazino horrek hainbat egokitzapen, aldaketa eta konponketa jasan ditu urteetan zehar. Orain, kultura-motor lez finkatzeko behar dituan eraikuntza- eta ekipamendu-berme guztiakaz egokitzen dabiz. Ekipamendu horreek islaren hegoaldean dagoz, Deustuibarraren eta Eugenio Olabarrieta plazearen artean.

Udalaren titulartasunekoak dira biak eta udalak mantendu behar ditu. Halan da be, Pabellón 6 Arte Eszenikoen Sortzaile Alkartea eta bere Gazte Konpainia arduratu dira kudeaketaz, eta holan izaten jarraituko dau.

Udalaren aurreikuspenen arabera, Garabia eta Pabellón 6 eraikinen obrak ondoz ondoko fase bitan egiten dabiz eta, beraz, birgaitze-lanak egiten diran bitartean, ahal den neurrian, kultura-jarduerak eteteko beharrik egon ez daiten.

Lehen faseko obrak, hau da, Garabiaren –Pabellon 6en konpainia gaztearen agertokiaren– erabarritze integralekoak, 2024ko zemendian hasi ziran, eta uda honen amaieran amaitzea aurreikusten da. Garabi barria martxan eta ekipauta dagoanean, Pabellon 6en lanen txandea helduko da, momentu horretarako lizitazino-izapide betean egongo dana.

Kontuak kontu, Pabellon 6en proiektua laster onartuko da Gobernu Batzarrean. Lizitazinoa 4.153.305,04 eurokoa izango da. Obrak adjudikau ondoren, lanek hamabi hilebete irautea aurreikusten da.

Proiektu barria

Proiektuaren esentzia Pabellon 6 eraikina erasi eta berreregitea dau, jatorrizko bolumetriara egokituta. Gainera, lehendik dagoanari veste bolumen bat gehituko jako ekialdean, bolumen nagusiaren osogarritzat. Holan, etorkizuneko Pabellon 6ek ele formea izango dau. Guztira, 1.288,62 metro koadro inguruko azalera eregia izango dau eta pisu bi izango ditu.

Antzokiko gela nagusiak –sarrera nagusia, atartea, txarteldegia, areto eszenikoa eta eszenatokia– jatorrizko eta egungo Pabellon 6 eraikina bolumetrikoki kopietan dauen atalean kokatuko dira. Antzoki horrek 228 jarleku kokatzeko tokia izango dau (beheko pisuaren eta pisuartearen artean banatuta).

Beheko pisuko harmailak barruragarriak izango dira eta agertokia lurzoru nagusia baino 30 cm gorago egongo da.

Bolumen horren lehen pisuan kontrol-gela bat egongo da.

Eratsitako bolumen barrian bigarren sarrerea egongo da, antzezleek eta antzokiko langileek erabiliko dabena. Atal horren beheko pisuan biltegiak, eszenografietarako tailerra, kamerino bi, komunak eta garbiketa-gelea egongo dira, bai eta lehen pisuagaz komuniketan diran karga-jasogailu bat eta eskailera bat be. Lehenengo pisuan entsegu-gelea, jantzi-tailerra, office bat eta bulego administratiboa egongo dira.

Eraikinaren sarbide nagusia jatorrian egoan leku berean egongo da. Eta, beraz, plaza txiki bat sortuko da, etorkizuneko Garabia eta Pabellon 6 espazioen inguruan.

Metalezko egiturea dauen eraikuntza-multzo bat diseinau da, zepatuen eta mikropiloteen gainean bermatutako altzairuzko portikoen bidez. Bestalde, fatxadea, bai eraikin nagusiarena, bai eratsitako bolumenarena, aluminiozko panel grekatuz estalita proiektau da. Zokaloak motibo geometriko bera errepetiduko dau, eta, beraz, maila estetikoan oso antzekoa izango da, baina hormigoi prefabrikatuzko panel bategaz kanpoko akabera legez.

Bolumen nagusiaren estalkiak sandwich panela eukiko dau, aluminiozko akaberakoa eta 15 zentimetroko lodierakoa. Eranskinerako, barriz, legarrezko estalki bat planteetan da, ez-ibilgarria (mantentze-lanetarako baino ez).

Proiektautako eraikina segurtasun eta kalidade-estandar gorenei jarraituz diseinau da, eta haren espazioak erabilera-aukerak, argiztapen naturala eta aireztapena ahalik eta hoberen aprobetxetako atondu dira dira. Gainera, etorkizunean, epe labur edo ertainean, eraikina Zorrotzaurreko geotermia-sarera konektetako aukerea aurreikusten da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu