TUMO Bilbao-Bizkaia proiektua aurkeztu dabe
2025-03-28 13:51 Kulturea2026an edegitea aurreikusten da.

La Caixa Fundazinoak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak Sormenezko Teknologietarako TUMO Zentroa sortzeko proiektua aurkeztu dabe. Muota horretako Estaduko lehenengo zentroa da. Azkuna Zentroan kokatuko da, hiru erakundeen arteko lankidetzeari esker. Aurtongo irailean hasiko dira espazioa egokitzen eta 2026an edegitea aurreikusten da. Erakundeak 10 miloe euro inguruko inbersinoa egingo dau hurrengo lau urteetan.
La Caixa Fundazinoak hitzarmena sinatuko dau metodologia horren sortzaile dan TUMO Armeniagaz. Horrek aukerea emongo dau hango eredua TUMO Bilbao-Bizkaia zentrora ekartzeko. Sormenezko Teknologietarako TUMO zentroa nazinoarteko, dobako eta eskolaz kanpoko hezkuntza-programea da. Programa horretan, 12 eta 18 urte bitarteko nerabeek, sormen eta teknologia-sektoreko coach eta profesionalekaz batera, askatasunez aukeretan ditue gehien interesetan jaken arloak. Eredu hori ikaskuntza-planen hiperpersonalizazinoan oinarritzen da, jarduerak eta profesionalekaz egindako tailer eta laborategiak buztartzen ditu.
Rafael Chueca La Caixa Fundazinoko Kultura eta Lurraldeko zuzendariorde nagusiak ondokoa adierazo dau: hilabete gitxi barru, Bilbo TUMO zentroen sarean sartuko da. Ekimen parebakoa da gazteentzat, teknologietan modu barritzaile eta sortzailean sartzeko. TUMO programearen emoitza kontrastatuek inspirau egiten gaitue. Proiektua ez zan posible izango Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babes barik. Eskerrak emon gura deutseet konfiantzagaitik eta lankidetzagaitik.
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, adierazo dauenez, TUMO Bilbao-Bizkaia proiektuagaz gure gazteen eskura aukera parebakoa jarriko dogu, talentua, sormena eta espiritu kritikoa garatzeko. Oso garrantzitsua da holako proiektua Bizkaian instalatzea. Erakunde publikoen eta pribatuen arteko lankidetza onaren adibide da, gizarte osoaren mesedetan jarduten dauen palankea.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ondokoa esan dau: STEAM prestakuntza-aukerea da, bertoko talentuaren garapenaren zerbitzura egongo dana. Bilboko 12 eta 18 urte bitarteko neska-mutil guztiek izango dabe aukerea, bardintasunean eta doban. Bilboko Udalak azken urteotan Bilbao Gazte STEAM Estrategiaitik garatzen gagozen lana eta esperientzia eskaintzen deutso TUMOri, hezkuntza ez-formaletik 9 urtetik aurrerako gazteei zientzia eta teknologia hurreratzen deutsen programak eta laborategiak bultzatuz, ekidade soziala eta genero-ekidadea kontuan hartuz.
Maria Espinetek, La Caixa Fundazinoko Hezkuntza Saileko zuzendariak, ondokoa nabarmendu dau: oso pozik gagoz, 2026-2027 ikasturtetik aurrera urtean 1.000 ikasle baino gehiago hartu ahal izateagaitik. Gure helburua da hezkuntza barritzaile eta irisgarria eskaintzea, beti be komunidade horretako nerabeen arteko aukera-bardintasuna sustatuz.
Marie Lou Papazian, TUMOren sortzaile eta chief executive officer, pozik agertu da aliantza horren aurrean: oso harro gagoz Espainian gure lehen TUMO zentroa edegiteaz, gure balioekaz bat datozen bazkideekaz, Bilboko, Bizkaiko eta, azken batean, herrialdeko beste leku batzuetako gazteen zerbitzura.
Armeniarra izanik, nire ama-hizkuntzea oso persona gitxik egiten dabe, beraz, garrantzitsua da niretzat TUMO programea euskeraz eskaintzea, nabarmendu dau Pegor Papazian TUMOko chief development officerak.
1.000 erabiltzaile baino gehiago urtean
2026-27 ikasturtean, TUMO Bilbao-Bizkaia zentroak 1.000 ikasle hartzeko gaitasuna izango dau. 2027-2028 ikasturtetik aurrera, 1.500 ikasle. Nerabe bakotxa astean lau orduz joan ahal izango da zentrora.
Hasierako fasean, TUMO Bilbao-Bizkaia zentroak zortzi ikaskuntza-arlo izango ditu: robotikea, argazkigintzea, bideojokoen garapena, diseinu grafikoa, zinemea, programazinoa, musikea eta animazinoa. 2027ko irailetik aurrera, beste arlo bi gehitzea da asmoa: 3D modelatua eta adimen artifizial sortzailea.
TUMO Armenian egindako eragin-azterketak argi itxi dau programean parte-hartzen dabenen errendimendu akademikoa, lan-aukerak eta gizartean daben inplikazinoa hobetzen dituela.
TUMO Path: ikaskuntza-eredu barritzailea
Nerabe batek TUMOn izena emoten dauenean, lehen hilabetean, ikaskuntza-arlo guztiak aztertzen ditu TUMO Path softwareko jardueren bidez, gehien interesetan jakon hirurak aukeratzeko. Ondoren, modu personalizatuan eta TUMOren eredu pedagogiko barritzailearen bidez landuko ditu gai horreek. Esaterako, erabiltzaile batek argazkigintzea, robotikea eta diseinu grafikoa aukeratzen baditu, ikasketa-ibilbidean TUMO Path bidezko autoikaskuntzako zenbait aste izango ditu, eta, gero, zenbait workshop aste, ikasitakoa praktikean jarteko tailerren eta proiektuen bidez, sektoreko profesionalen eskutik.
Beraz, tailerrak eta laborategiak konbinetan ditue ikaskuntza personalizau batean. Programea dinamikoki egokitzen da ikasleen erritmora eta lehentasunetara. Denpora-lerroan aurrera egin ahala, ikasleek proiektuak osotuko ditue, mailetan gora eginez.
Tailerra amaitzean, hurrengo maila teknikoa edo trebetasuna hasten da: autoikaskuntzako beste hilabete bat egin behar da, tailer batean izena emon ahal izateko. Esaterako, tailerren ardatza film labur bat egitea, abesti bat grabetea edo robot bat programatea izan daiteke. Ikasleen proiektuen azken emoitza trebetasunak erakusteko balioko deutse etorkizun profesionalean.
Proiektu-laborategiak teknologian eta diseinuan nazinoartean nabarmentzen diran profesionalek emongo ditue. Industriako 100 espezialista baino gehiago dabiz TUMOgaz lankidetzean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!