Jon Irazabal omenduz gogoratuko ditue Martiaren 31ko biktimak

Bizkaie! 2025-03-28 12:40   Kulturea

1937ko udabarrian grabau eta orain arte ikusi bako irudiak be erakutsiko ditue gomuta ekitaldian.

2024ko Gomuta Ekitaldian atarakoa da. Bertan, Jon Irazabal agertzen da publiko artean. Erretratugilea: Txelu Angoitia (Gerediaga artxiboa). | Ikusi handiago | Argazki originala

Herritarrek bitimei egiten deutsen autortza eta gomuta ekitaldia Martiaren 31n, Andra Mariko eleizpean, 19:30ean hasita egingo da, 1937ko bonbardaketen 88. urteurrenean. Gerediaga Alkarteak eta Kriskitin Dantza taldeek atondutako ekimena da, Durangoko Udalaren laguntzeagaz.

Aurten, berezia izango da arrazoi bi tarteko: gomuta ekitaldiaren 25. urteurrena dalako eta Jon Irazabal alkarteko kidea eta bonbardaketearen ikerketa zabalena egin eban personeari omenaldia egingo jakolako (abuztuan hil zan). Joni omenaldia eginez, 1937ko hondamendia bizi izan eben eta biktima izan ziran guztiei egingo deutsegu autortzea.

Durango 1936 Kultur Alkarteak urteetan batu eta orain Garaia Durangaldeko ikus-entzunezkoen biltegian (garaia.gerediaga.eus) dagozan lekukotza batzuk berreskuratuko ditugu ekitaldian, eta tartean, Jon Irazabalen testigantzea be eskainiko dogu: bonbardaketen ikerketeari zelan ekin eutson, zein oztopo bizi izan zituan edota gomuta ekitaldia egiteko arrazoiak zeintzuk izan ziran.

Ez dira ekitaldian eskainiko diran irudi bakarrak izango. Urtearen hasieran irudi historiko batzuen barri izan genduan. William Randolph Hearst kazetariamerikarraren ehundaka grabazino ezezagun digitalizau eta argitara emon ditu Kaliforniako Los Angeles Unibersidadeak. Espainiako gerra zibilari buruzko irudiak dira. Grabazinoetan eguneroko bizitzako momentuak eta tropen mobimentuak erakusten dira.

1937ko udabarrian grabau eta orain arte ikusi bako irudiak be erakutsiko ditugu gomuta ekitaldian, Durango, Amorebieta eta Gernikako irudiak. Bonbardaketeak Durangon eragin eban triskantzea erakusten dabe. Irudi mutuak izan arren, asko esaten dabe.

Ekitaldia Irene Garitagoitia Beitia durangarrak aurkeztuko dau; musikearen ardurea Ander Erzilla durangarrarena izango da eta Xabier Amuriza eta Izaro Erzilla izango ditu lagun kantu banatan. Ohorezko jantzak Kriskitin Dantza Taldearen eskutik izango dira.

Saibi mendiko lanak

Martiaren 31ko gomuta ekitaldien aurretik, Saibi mendian 1937ko apirilean izandako burrukak izango ditugu berbagai, burroka hareetatik berreskuratutako aztarnak zehatzago, hain zuzen be. Euskal Prospekzino Taldea azken urtean tontorrean eta mendiaren magaletan lanean ibili da lurpean, 88 urte gero, oraindino be geratzen diran aztarnen bila. Zeregin horretan, Aranzadi Zientzia Alkartekoakaz alkarlanean ibili dira.

Urtebeteko lanaren barri izateko erakusketa, berbaldi eta mendira ibilalditxua atondu ditue.

Martiaren 29an, Lourdes Herrasti Erlogorri Aranzadi Zientzia Alkarteko arkeologoak eta Kepa Ganuza Zarraga Euskal Prospekzino Taldeko kideak berbaldia emongo dabe Kurutzesantu Museoan, eguerdiko 12:00etan.

Martiaren 30era arte, Kurutzesantu Museoan, Saibigainen egindako prospekzinoetan ataratako elementuen erakusketea izango da.

Eta, martiaren 30an, Saibi mendira ibilaldia atondu dabe, bertatik bertara Euskal Prospekzio Taldekoek zer lan egin daben ezagutzeko. Urkiola gaineko Bizkarra jatetxearen aparkalekuan ipini dogu hitzordua goizeko 10:30ean. Behean azalpen labur bat emon eta bakotxak bere erritmora 30-40 minutuko aldatzean gora ibilbidea egin ostean, Saibi mendian bertan jarraituko dabe azalpenek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu