Iñigo Alberdi da BOSeko zuzendari barria
2025-03-28 12:15 MusikeaIbon Aranbarriren lekukoa hartuko dau.

Iñigo Alberdik hartuko dau Ibon Aranbarriren lekukoa Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendaritzean. Izentapena gaur, hilak 28, onartu da Patronatuaren bileran eta maiatzaren 7an izango da eraginkorra.
Ibon Aranbarrik erretiroa hartuko dau aurton, 20 urte baino gehiago Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari izan eta BOSen Bizkaiko kulturearen eta musikearen panoraman errastua itxi dauen ibilbide luze eta emonkorra egin ondoren.
Leixuri Arrizabalagak, Euskerea, Kulturea eta Kirol diputaduak, azpimarrau dauenez, oso eskertuta gagoz urte honeetan guztietan gure orkestran Ibon Aranbarriren talentua izan dogulako. Haren inplikazinoa, dedikazinoa eta profesionaltasuna funtsezkoak izan dira BOS bezela gure lurraldeko kultura-erreferente baten ibilbide oparorako.
Aranbarriren ordezko bezela, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak osotutako Patronatuak egun Bilboko Koral Alkarteko zuzendari nagusia dan Iñigo Alberdi izentau dau. Alberdik maiatzaren 7tik aurrera hartuko dau kargua eta ordura arte, trantsizino-aldi batean, orkestran eta koralean egingo dau lan.
Iñigo Alberdi
Iñigo Alberdi Amasorrain (Soraluze, 1973) Bilboko Koral Alkarteko zuzendari nagusia da 2016tik. Irakasle laguntzailea da Musikenen eta Nafarroako Unibersidadean. Prestakuntzeari jagokonez Zuzenbidean lizentziaduna da UPV/EHUn eta goi-mailako tituluduna Musika Pedagogian eta Klabezinean Donostiako Goi Mailako Musika Konserbatorioan, MBA masterra Mondragon Unibersidadean eta Musikologian masterra Errioxako Unibersidadean.
Urteak daroaz lanean musikearen kudeaketan. Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia izan zan 2006tik 2014ra, baita Lizarrako Antxinako Musikearen Asteko zuzendari artistikoa be 2017tik 2019ra. Maila profesionalean irakaskuntzan hasi zan Bergarako Mariaren Lagundia Ikastolan eta banku-kudeaketan Kutxabanken.
Orkestra Sinfonikoen Espainiako Alkarteko kide eta lehendakariorde izan da. Eusko Ikaskuntzako batzordekide izan da, baita Musikene, Musika Hamabostaldiko eta ROCEko (Hezkuntza-Kontzertuen Atontzaileen Sarea) patronatuetako kide be. Hainbat erakundegaz kolaboretan dau aholkulari, laguntzaile edo komisario bezela: Euskaltzaindia, Real Academia de España en Roma, Bilboko Arte Ederren Museoa edo Espainiako Orkestra Nazinonala.
Gipuzkoako Arteen eta Kulturearen Konseiluko kide izan da eta 2024ko abendura arte Kultura Ministerioko Arte Eszenikoen eta Musikaren Estaduko Konseilukoa. Aitatu diran musika-erakundeen buru bezela arreta berezia eskaini deutso jarduera pedagogikoari eta musika-ondarea berreskuratzeari. Musika-kritikaria izan da Egunkarian eta Berrian eta ohiko kolaboratzailea Radio Euskadin eta Euskadi Irratian. Euskalerriaren Adiskideen Alkarteko kidea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!