Zabalik da Minaberri itzulpen-bekearen II. deialdia

Bizkaie! 2025-03-27 12:17   Kulturea

Itzultzaile hasibarrientzako sortu zan igaz itzulpen-bekea.

Marie-Aude Murail. | Ikusi handiago | Argazki originala



EIZIEk, Iruñeko Udalarekin lankidetzan eta Txalaparta argitaletxearen laguntzaz, Minaberri itzulpen-bekearen II. deialdia atondu dau, mentoretza baten bitartez nazioarteko gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskeratzeko. Mentoretzea CEDRO erakundearen laguntzaz egingo da.

Beka honen bidez alkartearen helburuak landuko dira: itzulpengintzea sustatzea, prestakuntza profesionala eskaintzea eta itzulpenen kalidadea jagotea, irakurzaletasuna be sustatzeaz batera.

Itzultzaile gazte hasibarriak trebatzeko asmoz, 30 urtetik beherako itzultzaileek izango dabe itzulpen-bekara aurkezteko aukerea eta mentoretza bat be aurreikusi da, ibilbide luzeagoko itzultzaile batek laguntzeko, hain zuzen be itzultzaile gazteari itzulpen-prozesuan, zenbait saioren bitartez.

Itzulgaiak, nazinoartean sarituak

Zer lan itzuliko diran erabagiteko, nazioartean osperik handiena daben ume eta gazte literaturako sariketak hartzen ditue kontuan atontzaileek: Hans Christian Andersen saria eta Astrid Lindgrenena. Sariketa bi horreetan sarituak izandako egileen lanak aztertzen ditu urtez urte horretarako osoturiko hautaketa-batzorde batek eta egokien oneretxitako gazte-literaturako lan bat aukeratzen dau, bekearen deialdirako.

Kontuak kotu, zabalik dago bigarren deialdia eta Marie-Aude Murail idazlearen Sauveur & fils obrea izango da aurtengo itzulgaia. Lanak aurkezteko epea apirilaren 28an amaituko da. Deialdian parte hartu nahi dabenek aurtengo bekearen helburu dan laneko lagina itzuli beharko dabe.

Bekea eskuratzen dauen itzultzaileak 3.000 euro jasoko ditu Iruñeko Udaletik eta Xabier Olarra itzultzaileagaz jardungo dau aurten itzulpen-prozesuan.

Ikusi oinarriak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu