Udabarri Morea ganezka
2025-03-27 09:24 KultureaBardintasun Sailak abiarazitako proiektua da.

Udabarri morea emakumeak euren eskubideen jaube egiteko eta euren arteko sareak sortzeko tresnak eskaintzen dituan ikastaro, topaketa, berbaldi eta tailer moltsoa da. Emakumeen jaubetze eta ahalduntze prozesuan eragitea da helburua, hau da, autokontzientzia hartzea, autoestimua lantzea, gaitasun propioak ezagutzea eta emakumeek jagoken espazioa berreskuratzea. Errealidadea ikuspegi feministea ardatz hartuta aztertzen dau, jentarte justu, anitz eta osoago baterantz urratsak emoteko esperientziak eta jakintzak konpartiduta.
Bermeoko emakume alkarte eta mobimentu feministeagaz herriko emakumeen arteko sareak sortzea da helburua, alkar ezagutzeko, laguntzeko eta gozetako.
Udabarri Morearen lehenengo jarduerea Bermeoko Mobimentu Feministeak atondutakoa izango da: Diamou Bou eta Assalam emakume alkarteen lankidetzeaga eta Kabidxe gune sozialaren laguntzeagaz, Bermeoko Emakumeak* Saretuz III. Topaketa atondu dabe apirilaren 4rako (barikua); Kabidxen batuko dira 17:30etik 20:30era eta jagoletza zerbitzua eskainiko da. Intersekzionalidadea oinarrizko elementu artikulatzailetzat hartuta eta aniztasuna abiapuntu izanik, ekimen honen helburua herriko emakume alkarteak eta norbanakoak saretzea da.
Apirilaren 5ean eta 12an, arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara, autodefensa tailerra izango da, 10 eta 15 urte bitarteko neskei zuzendutakoa, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean. SAFO eskolako Esther Lopez izango dabe gidari eta honakoak dira tailerraren helburuak: ahalduntzea eta autoestimua lantzea, gorputzen inguruan hausnartzea, biktima-rola alboratzea eta egoera arriskutsuei norberaren kabuz aurre egiteko sentimendua lantzea. Parte-hartzaileek erasoetatik defendiduteko, praktikan jarteko oinarrizko teknikak ikasiko ditue.
Horrezaz gan, makinatxu bat jarduera izango dira Bermeon apirilean, maiatzean eta bagilean; informazino gehiago eta programazinoa hemen.
Kontuak kontu, jardueretan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena emotea, horretarako, berdintasuna@bermeo.eus posta elektronikora edota 688 638 449 telefono zenbakira idatzi beharko da. Plazak mugatuak dira eta parte-hartzaileen zerrendea izena emon dan egunaren arabera egingo da; Bermeon erroldautako emakumeek lehentasuna izango dabe. Irisgarritasun beharrizanik izan ezkero, interesdunak izena emoteko orduan jakinarazo beharko dau, beharrezkoak diran kudeaketak egin ahal izateko. Programazio guztia doban eskainiko da.
Ez ahaztu Irakurleen Txoko Feministea be hilero batzen dala, hileko laugarren eguaztenetan, 19:00retan, Gizarte eta Kultura Etxean; apirilaren 23an eta maiatzaren 24an batuko dira datozen hilebeteetan. Eta emakume kirolaria bazara eta korrika egitea gustetan bajatzu, gogoratu Emakume Korrikalarien Taldea martxan dagoala eta 16 urtetik gorakoek parte hartu leikiela.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!