Chiharu Shiotak 'My House is your House' erakusketea aurkeztuko dau Bilbon

Bizkaie! 2025-03-27 08:18   Kulturea

Artistearen lehen erakusketa monografikoa da Euskadin.

Maiatzaren 27an, Azkuna Zentroan, Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak, Chiharu Shiota artista japoniarraren My House is your House erakusketea inaugurauko dau, munduko arte garaikideko figura nabarmenetako bat.

My House is your House artistearen lehen erakusketa monografikoa da Euskadin. Ardi-ulezko hariakaz egindako instalazino monumentalakaitik da ezaguna, izan be, egiturek mundu poetiko eta onirikoan sartzeko animetan dabe. Gai nagusiak denporea, mobimendua, amesak eta memoria dira. Chiharu Shiotak eguneroko bizitzako elementuetatik hasita ulertzen dau haren obrea, esaterako, akorduak eta topautako edo erabilten ez diran objektuak.

Tereza de Arruda artearen historialariak komisariautako erakusketan kolore gorriak eta eskala monumentalak Azkuna Zentroko Kulturen Ataria eta Erakusketa Aretoa lotzen ditue, baita hasieratik inoiz erakutsi ez diran azken instalazinoak be. Erakusketarako Chiharu Shiotak etxea kontzeptua landu dau, etxeko esparrua espazio publikora zabalduz, Bilboko Alondegiaren arkitektureagaz buztartuz. Emoitzeak, site-specific bezela, bisitaria haren akorduakaz konektetan daben etxeko hainbat giro esperimentetako konbidetan dau.

Erakusketea Prototipoak Bilbaon barruan dago, Praktika Artistikoen Nazinoarteko Biurtekoan, maiatzaren 27tik 31ra arte Azkuna Zentroan. Ganera, erakusketeak irailaren 28ra arte jarraituko dau.

Chiharu Shiota

Chiharu Shiota (Osaka, 1972) pinturan (Kiotoko Seika Unibersidadea, 1992-1996) eta arte bisualetan (Braunschweigeko Goi Mailako Arte Eskola, 1997-1999 / Berlingo Arte Akademia, 1999-2003) trebatuta dago eta Berlinen bizi da.

Ondoko erakusketa honeek egin ditu, besteak beste, Hammer Museum, Los Angeles, Queensland Art Gallery of Modern Art (QAGoMA), Brisbane; ZKM | Zentrum für Kunst und Medien, Karlsruhe; Zeelanda Barriko Te Papa Tongarewa Museoa, Wellington; Mori Arte Museoa, Tokio; Gropius Bau, Berlin; Australiako Hegoaldeko Arte Galeria; Yorkshire Sculpture Park, Erresuma Batua; Kochiko Arte Museoa; eta Osakako Arte Museo Nazionala. 2025eko lehen hiruhilekoan, Parisko Grand Palaisen erakutsi ditu haren artelanak.

Nazinoarteko erakusketa askotan be parte hartu dau, esaterako Oku-Notoko Nazinoarteko Arte Jaialdian, Sydneyko Bienalean, Echigo-Tsumariko Arte Hirurtekoan eta Yokohamako Hirurtekoan. 2015ean, Shiota hautatu eben Japonia ordezkatzeko 56. Veneziako Bienalean.

Tereza Arruda

Tereza de Arruda (São Paulo, Brasil, 1965) arte historialaria eta kuradorea da. São Paulon (Brasil) eta Berlinen (Alemania) bizi da. Komisarioa da Europan, Hego Amerikan, Estatu Batuetan eta Asian, besteak beste, Ilya eta Emilia Kabakov, Chiharu Shiota, Sigmar Polke, Yang Shaobin eta Wang Chov artisten erakusketa monografikoetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu